Nafarroako Gobernua prestatzen ari den Merezimenduzko Dekretuaren aurka manifestazioa deitu du Kontseiluak datorren maiatzaren 7an, larunbatarekin; 17:30etan aterako da Antoniuti parketik, “Herritarrak ez gutxietsi eskubideak guztiontzat” goiburupean.
Kontseiluak Iruñeko Laba elkartean jakinarazi duenez, jatorrizko gaitza zonifikazioan dago, baina onartu nahi den dekretu honekin, lege diskriminatzailearen irakurketa are diskriminatzaileagoa egiten ari dira eta “justiziaz harago, Nafarroako administrazioko hainbat eta hainbat lanpostutan ofizialak edo berezkoak ez diren hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutzaren gainetik” jartzeak edozein logika gainditzen du: "Ez da justua, ez eta onargarria ere”.
Dekretu honek ingelesari, alemanari edota frantsesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen die Nafarroako hainbat eremutan. “Euskararen edota euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean ere ez zen halakorik gertatzen”, Kontseiluaren esanetan. Horregatik, erakundearen ustez, “gobernuak intentzionalitate osoa du euskaldun eta euskal hiztunon eskubideak zokoratzeko”.
Behatokiaren diagnosia
Berriki, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuko egoeraren diagnosia aurkeztu du. Horren arabera, lanpostuen %3ri baino ez zaie eskatzen euskararen ezagutza; eta departamentu batzuetan, %2 baino gutxiagori. Lau departamentutan euskararen ezagutza ez da derrigorrezkoa lanpostu batean ere.
Erakundearen ustez, modu bakarra dago herritarrei dagozkien eskubide horiek bermatzeko, arreta euskaraz eskaintzea, eta hori lortzeko modu bakarra dago: langile elebidunak hartzea. Hori eskatzeko eta aipatu dekretua salatzeko herritarrei kalera ateratzeko deia egin die Kontseiluak.