argia.eus
INPRIMATU
AHTrekin lotuta Nafarroako Gobernuak egin dituen legez kanpoko jarduerak salatu dituzte
  • Sustrai Erakuntza Fundazioaren arabera Nafarroako Gobernuak ingurumenaren gaineko eraginen txostenik gabe hasi ditu AHTren zenbait lan eta informazioa ukatzen ari da.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 03a
Sustrai Erakuntza Elkarteak egindako prentsaurrekoa. (Argazkia: www.sustraierakuntza.org)

Fundazioak gogora ekarri du, Nafarroako Gobernua bi bider ari dela legez kontra jokatzen: indarrean dagoen legedia betetzen ez duelako, batetik; eta bere jardueraren kontra argitaratu diren sententzia judizialak betetzen ez dituelako, bestetik.

Froga gisa, Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2013ko azaroan emandako epaia: “administrazioaren gelditasuna” nabarmendu zuen informazioa ematerako orduan.

Auzitegiak esan zuenez, AHTri buruz Sustrai Erakuntzak eskatutako informazioa ukatzea legez kanpokoa da. Gobernuaren jokamoldeak urratu egin zuen, epaiaren arabera, edozein nafarrek proiektuaren inguruko informazioa jasotzeko daukan eskubidea.

Egitasmoaren ingurumen eraginari buruz ukatutako informazioa emateko agindu zion epaiak gobernuari. Yolanda Barcina buru duen exekutiboak erantzunik ez du eman: ez helegiterik, ez informaziorik, ezta inolako azalpenik ere.

Sustrai Erakuntzak salatu duenez, Nafarroako Gobernuak legerik egongo ez balitz bezala jokatu du.