argia.eus
INPRIMATU
60 milioi gastatu ondoren, amaitu gabe eta itxita jarraitzen du Reyno Arenak
  • Reyno Arena ez dute aurten zabalduko, Nafarroako Gobernuak ekainean hala esan bazuen ere. 60 milioi erabili ditu dagoeneko pabilioiaren eraikuntzan, eta oraindik barruko hornikuntza amaitzeke dago, El Diario Norten irakur daitekeenez.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 14a
“Aldi jakinetan” zabalduko dute pabilioia, eta gestioa ez da guztiz publikoa izango. (Arg: parlamentodenavarra.es)

Iruñean eraiki dute Reyno Arena, Osasunaren futbol zelaiaren ondoko orube batean. 2009ko irailean hasi ziren eraikitzen, eta kirol jarduerak, ikuskizunak, kontzertuak eta beste hainbat ekimenentzako lekua izan zedin nahi zuen UPNk.

Oposizioko alderdiak proiektu honen aurka agertu dira, diru galera “izugarria” izateaz gain, erabilera bat aurkitzea “zaila” izango delako.

2015eko aurrekontuen arabera erabakiko du Gobernuak Reyno Arena zabaldu edo itxita mantendu. Oraindik amaitu gabe dauden lanen adibide da aldageletako eta kirol instalazioetako oinarrizko hornikuntzarik eza, esaterako. Gobernuko iturriek ez dagoela dirurik adierazi dute.

Azpiegituraren etorkizuna irail honetan argituko zutela esan bazuten ere, Reyno Arena izango denaren aztarna txiki batzuk baino ez dituzte eman. El Diario Nortek jaso duenez, “aldi jakinetan” zabalduko dute pabilioia, eta gestioa ez da guztiz publikoa izango.

Eraikinaren mantentze kostuak urtean 390.000 eurokoak izango direla ere esan dute, erabiltzen ez denetan; erabiliz gero, kostua hazi egingo da.