argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarrak hauteskunde orokorretara elkarrekin joatea proposatu du EH Bilduk
  • EH Bilbuko bozeramaile Adolfo Araizek dei egin dio Ahal Duguri Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau indarren hautagaitza bateratuaren ideiarekin bat egin dezan ekainaren 26ko hauteskunde orokorretarako.

ARGIA @argia 2016ko apirilaren 28a
Lau indar politikoetako ordezkariak gobernu akordioa sinatu zutenean.

Nafarroan marea handi bat egitearen aldeko deia egin du Araizek: “Katalunian, Aragoen, Galizian eta Valentziako Erkidegoan posible izango bada, zergatik ez Nafarroan?” Foru Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek asteburuan bilera egingo dute gaia aztertzeko, astelehenean EH Bilduk batzarra izango baitu hauteskunde aliantzei buruz erabakitzeko.

Ahal Duguk ez du ezer argirik adierazi proposamen honi buruz, baina Laura Perez idazkari nagusia oso argi mintzatu da IUrekin –beraz Ezkerrarekin– egin beharreko koalizioaren beharraz. Estatu mailan  nahiko lotuta dute akordioa Podemos eta Izquierda Unidak eta Nafarroan ere aliantza hori nahiko segurutzat jotzen da.

Geroa Baiko eledun Koldo Martinezen esanetan, haiek ere ongi ikusiko lukete gobernua sostengatzen duten alderdiak batera aurkeztea hauteskundeetara. Laukotearen ideia erraza izango ez bada ere, Geroa Bai eta EH Bildu elkarrekin joatea ez lukete gaizki ikusiko koalizioetako zuzendaritzek. Oinarrietako sektore askorentzat, aldiz, ez da erraza halakorik onartzea, eta ikusi beharko da zer gertatzen den.

Gobernua sostentzen duten lau indarren artean abenduan lortutakoa baino 3.200 boto gehiago eskuratuz gero, 5 diputatutik 3 eramango lituzkete eta bana UPN-PPk eta PSNk. EH Bildu eta Geroa Bai elkarrekin aurkeztuta diputatu bat lortuko lukete, baina Ahal Duguri kendutakoa litzateke. Gauzak asko okertzen ez bazaizkio, PSNk bereari eutsiko lioke.