argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernua hasi da droneak erabiltzen herritarrak zelatatu eta zigortzeko
  • Nafarroako Gobernuak ekin dio droneen bidez herritarrak zuzenean kontrolatzeari. Bere webgunean aitortzen du "esperientzia pilotoa" martxan jarri duela maiatzeko lehen asteburuan eta bideoan erakusten du norainoko zehaztasunez hartzen dituen kamerak zuzenean pertsonen irudiak. Zuzeneko bideo irudi hauek SOS deien Nafarroako egoitzara bideratzen ditu. Lehen asteburuaren ondorio izan da hamar aldiz bidali zutela Polizia Forala, ea herritarrak alarma egoerako araudia errespetatzen zuten frogatzera eta hauetatik bi herritarri jarri zietela denuntzia.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 07a

Javier Remírez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne saileko kontseilariak "herritarren segurtasunerako proiektu piloto" moduan aurkeztu du herritarrak kontrolatzeko droneen erabilera. Adierazi duenez, aurreko asteburutik hegaka dabil dron bat, kontrola areagotu eta "pertsonen pilaketak saihesteko". Horrela, "deseskalatze prozesuan espazio publikoetan prebentzio neurriak egoki erabiliko direla sustatu" nahi omen du.

Proiektu piloto hau Polizia Foralarekin elkarlanean ari da Babes Zibila eramaten. Dronak hartzen dituen irudiak zuzenean iristen dira streaming bidez SOS deien Nafarroako koordinazio zentrora, eta handik mobilizatzen dituzte momentuan poliziak, "herritarrek distantzia soziala betetzen dutela bermatzeko".

Herritarren ohiturak zelatatzeko ere bai

Nafarroako Gobernuak adierazi du droneen erabilerak balioko duela baita ere herritarrek deseskalada fase ezberdinetan dituzten "portaera eta ohiturak hobeto ebaluatzen".

Nafarroako Gobernuak zabaldu duen bideo honetan ikus daiteke zein urrundik nolako zehaztasunez erakusten dituen pertsonak droneak.