argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Foruzaingoak jada ez ditu gomazko pilotak erabiliko
  • Foruzaingoaren jarduna eraberritu eta gomazko pilotak ez erabiltzeko erabakia bururaino eraman dute, Ertzaintzak eskainitako bi prestakuntza ikastaro jasoz eta material berria eskuratuz.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 13a

Lan-metodoa berritzeko helburuarekin Foruzaingoaren Esku Hartzeko Dibisioak bi prestakuntza-ikastarotan parte hartu du Ertzaintzako eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako irakasleekin. Prozedura eta teknikak eguneratzeko prozesuaren amaiera da hau.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumontek iaz iragarri zuen erabakiari amaiera eman zaio orain, gomazko pilotak behin betiko ordezkatuz, “hain kaltegarriak ez diren istiluen aurkako beste material batzuk erabiltzeko”. Lauko gobernuaren akordio programatikoaren muinean zegoen erabakia.

Foruzaingoaren Esku Hartzeko Dibisioaren jarduteko irizpidea berritzeaz gain, material berria eta bi furgoneta ere erosi ditu 93.310 euro gastatuz horretarako.