argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Politika Orokorraren Eztabaidan hauteskundeak aurreratzeko eskatuko du oposizioak
  • Urriaren 3an eta 4an Nafarroako parlamentuan egingo den eztabaida orokorrean, Yolanda Barcina presidenteari hauteskundeak aurreratzeko eskatuko diote alderdi guztiek, PPNk izan ezik. Zerbitzu publikoen gainbehera eta murrizketen gogortasuna ere izango dute hizpide.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 01
Nafarroako parlamentariak bilduta, aurreko saio batean.

PSNko Juan José Lizarbek adierazi duenez, bere alderdiak "zerbitzu publikoen, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen gainbehera" salatuko du, "diru sarrerak jaitsi diren arren, gauzak hobeto kudeatu daitezkeelako". Lizarberen hitzetan, "ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sustatzeko ez da nahikoa egiten".

Bilduko Maiorga Ramirezek aurreratu duenez, Barcinaren exekutiboa "parlamentuko gehiengoaren aurka ari da eta ez da gauza funtsezko legeak aurrera ateratzeko". Gainera, Nafarroako Gobernua "Estatuaren aliatu nagusia da Nafarroari eskumenak kentzeko garaian".

Aralar-NaBaiko ordezkari Patxi Zabaletak gaineratu duenez eztabaida "alternatiba baten inguruan oinarritu beharko litzateke, baztertzen ez duen eta aurrerakoia eta ezkerrekoa den alternatiba baten inguruan, gaur egun UPN eta PSNk gidatzen duten erregimenaren aurrean". Zerbitzu publikoak eta lana sortzeko beharra ere jarriko ditu mahai gainean.

Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinen iritziz, Nafarroako Gobernua "autoritarioa da eta bere proiektuak gainerakoak kontuan hartu gabe inposatzen saiatzen da". Gobernua "austerizida" dela gaineratu du, "Nafarroan sortzen ari den pobreziagatik". Hori guztia amaitu behar dela planteatuko du eztabaida orokorrean.

Gero Baiko Manu Ayerdik Rajoyren Gobernuak Nafarroari kendu nahi dizkion eskumenen gaineko kezkak azalduko ditu batik bat. Horren aurrean erantzun gogorra eskatuko dio Nafarroako Gobernuari.

Horregatik guztiagatik, aipaturiko alderdiek hauteskundeak aurreratzeko eskatuko diote Yolanda Barcinaren exekutiboari, egoera jasangaitza delakoan.

PPNk ordea, uste du hauteskundeak aurreratzea ez dela konponbidea eta eboluzio ekonomikoari buruzko "analisi kritikoa eta eraikitzailea" eramango du eztabaidara.

UPNk, azkenik, adierazi du enplegua sortzeko, ekonomia sustatzeko eta zerbitzu publikoak hobetzeko neurriak planteatuko dituela.

UPN-PPren boto galera

Bestalde, SER irrati kateak argitaratu duen inkestaren arabera, nafarrek orain bozkatuko balute UPNk 15 parlamentari izango lituzke (orain 19 ditu), PPk 2 (orain 4 ditu), PSNk 11 (orain 9 ditu), Geroa Baik 9 mantenduko lituzke eta Bilduk 7, eta I-Ek guztira 6 parlamentari lortuko lituzke (3 ditu gaur egun).

Emaitza horien karietara, oposizioak garbi du "herriaren aldarria dela ziklo aldaketa bat egon dadila eta alderdi politikoek aldarri hori bideratzeko betebeharra dugu".