Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxe publikoetako D-PAI ereduko guraso talde bat Nafarroako Hezkuntza batzordean egon da, 57/2024 foru aginduari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak bideratu nahi dituen aldaketak deitoratzeko. Euskarazko orduak ez murrizteko eskatu diote Hezkuntza Departamenduari.
Nafarroako Hezkuntza Sailak, 57/2024 Foru Aginduari jarraikita, hurrengo ikasturtera begira aplikatuko duen D-PAI ereduaren berrikuntzen kontra azaldu da Erriberri, Tafalla, Gares, Sarriguren, Buztintxuri eta Noaingo ikastetxe publikoetako guraso talde bat. Hain justu, foru agindu horri segi, D ereduko zenbait ikastetxetan ugaritu eginen dira PAI programaren barruan ingelesez emanen diren ikastorduak, eta horrek pisua kenduko dio euskarari. Horrekin, ingelesezko eskola orduak handituko lirateke, euskararen kalterako. EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak eskatuta, guraso talde bat egon da parlamentuko Hezkuntza batzordean, argi uzteko aldaketak ez duela "ez oinarri pedagogikorik ez linguistikorik".
Aldaketa hurrengokoa litzateke: Haur Hezkuntzan astean jasotako ingelesezko orduak hirutik laura pasatzea; eta Lehen Hezkuntzan, ingelesaren onurarako, euskarazko orduak zazpi eta hamabi bitartekoak izan beharrean, sei eta bederatzi artean izatea. Euskararen kaltera izango den aldaketa dela ohartarazi dute, hots, murgiltze ereduaren kaltera: "Zertan geratuko da D eredua euskarari ordu gehiago kentzen badizkiogu?".
Erriberriko ikastetxeko ama den Irene Muruzabal eta Gareseko zentroko ama den Estibaliz Agirre mintzatu dira batzarrean. Aldaketak "alde bakarrekoa" eta "inposaturikoa" izan direla salatu dute.
Ikasgaiak ingelesez emateak arazo ugari eragin ditzakeela gogoratu dute, eta horrek ikastetxetik kanpoko ordu gehiago eskatuko dizkiela batzuei: "Badakigu zenbaitek ahalko dutela, baina beste batzuek ez". Aukeren berdintasunaren auzia dago, finean, mahai gainean.
Zentroak eredutik ihesi
PAI eredua Nafarroan 2011n ezarritako hezkuntza eredua da, garai hartako UPNko Nafarroako lehendakariak hala aurkeztu zuen eredua: "D ereduaren hedapenari eusteko plana", Naizek jaso duenez. Harrezkero, Castejon eta Cascanteko zentroek lortu dute bertatik irtetea. Biak gaztelaniazko irakaskuntza-zentroak dira.
Hala ere, 2025ean ezagutu da D ereduko beste bi zentrok PAI eredua utziko dutela hurrengo ikasturtean: 2017tik eremu mistoan kokatzen den Garesko ikastetxeak, eta eremu euskalduneko Elizondokoak. Biak gradualki irtengo dira. Sarrigurengo Joaquin Lizarraga ikastetxeak ere eredutik ateratzeko eskaera egin du, eta beste batzuk ere egon daitezke.
UPNk euskararentzat "astirik ez"
UPNko parlamentari Pedro Jose Gonzalezek PAI ereduaren aurkakoak "nazionalistak" direla adierazi du eta "guraso elkarteak, sindikatuak eta alderdi politikoak" zaku berean sartu ditu. Halaber, argudioei erantzun dezakeela ziurtatu du baina horretarako "astirik ez" duela. PSNko parlamentari Kevin Lucero, bere aldetik, PAI eredua babesten duten printzipio teorikoak irakurtzera mugatu da.