argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean
  • Larunbat honetan amaituko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Otsailaren 2an Lizarran hasi zuten bidea 31 bertsolarik, eta zortzik lortu dute finalera iristea: Julio Soto, Xabier Silveira, Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Aimar Karrika. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian dute hitzordua, 17:00etatik aurrera.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 22a
Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistak (argazkia: nafarroakotxapelketa.com)

Aimar Karrikak eta Eneko Fernandezek lehen aldiz lortu dute finalera iristea. Karrikak Xalto eta Izeta sariketak irabazi zituen eta lehen aldia du final honetan. Fernandez lesakarrak finalera iristea lortu du txapelketan parte hartu duen lehen aldian.

Finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ospatuko da, eta beraz, ikusleentzako lekuak mugatuak izango dira. Txapelketa ikusteko sarrerak salgai daude webgunean, baita Nafarroako zenbait herritan ere: Iruñea (Karrikiri denda), Elizondo (Fantxike denda), Etxarri Aranatz (Xapatero taberna), Lekunberri (Lanbroa liburudenda), Leitza (Maimur liburudenda) eta Lesaka (Okindegia). Sarrerak 18 euro balio ditu; Bertsozale Elkarteko bazkideentzako eta 16 urtetik beherakoentzako, 12 euro.

Eitb.com-ek eta Info7 irratiak zuzenean eta osorik eskainiko du finala bere webgunean eta Info7 irratiak ere zuzeneko kontaketa egingo du.