Hamargarren urtemuga ospatuko du aurten Nafarroako Azoka Ekologikoak. Berrogei postuko azokaz gain mintzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta erakusketak izanen dira
Nafarroako Azoka Ekologikoak bere hamargarren edizioa ospatuko du asteburu honetan. Orotara berrogei ekoizle ekologikoren produktuak eskuratzeko aukera izanen da bertan. Erreferentziazko hitzordu honek zuzeneko-salmenta tailerrez, hitzaldiez, musika emanaldiez, produktu dastaketez edota ttipienendako jarduerez osaturiko egitarau aberats batekin uztartuko du.
Irailaren 12tik 14ra iraganen da Noaingo Zentzumenen parkean, eta aurten berritasun gisara, 'Beste mundu bat posible da' gunea estreinatuko dute. Bertan Nikolas Olea medikuntza fisikoko katedradunak, Joakin Araujo nekazari naturalistak, edota Karmelo Bizkarra barau terapeutikoan aditua den medikuak beren jakintzak partekatuko dituzte.
Gasna, ardoa, eztia, olioa, barazkiak, ogia edota kontserbez gain, azokak iraunen dituen hiru egunotan kosmetikoak, gozogintza produktuak, uraren tratamendurako gailuak edota kafea ere erosten ahalko dira. Gainera, elikagai ekologikoz osaturiko zortzi saski zozketatuko dira erosle guztien artean, eta beste bi saski ere zozketatuko dira sare sozialen bidez.
Egitarauaren barnean ere kontsumo kritikoari buruzko tailerrak izanen dira, baita Zentzumenen Parkea ezagutzeko bisita gidatuak, haurrentzako Txikiekozona gunea, produktu dastaketak edota familia osoari zuzenduriko yoga-gosariak. Bistan denez, musikak ere bere tartea izanen du. Tierra Roja, Hijos del Pantano, LiberTrio eta Dl Flecha taldeak arituko dira, besteak beste.
Ostirala 12:17:00etatik 21:00etara.
Larunbata 13: 11:00etatik 14:30etara, eta 17:00etatik 21:00etara.
Igandea 14: 11:00etatik 14:30era.