argia.eus
INPRIMATU
Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak herritarren parte hartzea deitu du
  • Nafarroako Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak parte hartzearen, antolaketaren, bat-egitearen eta herritarren mobilizazioaren aldeko nahia azaldu du, Nafarroako jendartearen aldaketa garatzeko.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 22a
Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarraren hirugarren asanbladako argazkia. Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarra

Mugimenduaren hirugarren asanbladak sentsibilitate soziopolitiko anitzetako 70 lagun bildu ditu. Nafarroan aldaketa sakonaren beharra sentitu eta horren alde lan egiteko prest agertu diren mugimendu sozial, alderdi politiko, sindikatu eta herritarrak biltzen ditu batzarrak.

Azken bileran, urtebetean eginiko lanarekin baikor agertu dira eta etorkizunerako lan ildoak zehaztu dituzte. Batzarrak bigarren fase batean sartzeko asmoa agertu du eta horretarako prozesu irekiaren aldeko apustua egin dute.

Iritzi publikoan eragitea eta Nafarroako jendartearen parte hartzea sustatzea izango dituzte helburu. Horretarako, batzarraren antzeko helburuekin bat datozen beste plataforma, koordinadora eta herri batzarrekin elkarlanerako prest daudela argitu dute.

Epe laburrean jendaurreko hainbat jardunaldi antolatuko dituztela azaldu dute. Batetik, Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarra eta datozen lan ekintzak aurkezteko prentsaurrekoa eginen dute Iruñean. Bestetik, Nafarroako eskualde anitzetan hitzaldi, eztabaida edota atxikimenduak gauzatuko dira aurretik antzeko lanetan dabiltzan eragileekin indarrak batu asmoz. Azkenik, herritar mobilizazio handia egiteko xedea agertu dute.

Lan taldea datozen erronkei aurre egiteko gogotsu agertu da eta parte hartze irekirako gonbidapena luzatu dute deitzaileek.