argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako AHTrentzat ohiko trenbidearen erraila aurreikusten du behin behinean Espainiako Gobernuak
  • Aldi baterako irtenbide gisa planteatu du Garraio Ministerioak, eta horrela mantenduko litzateke Castejon eta Zaragoza artean Nafarroako AHTaren plataforma martxan egon arte.

     

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 02a
Nafarroan abiadura handiko trena. // Argazkia: Wikimedia Commons CCA by 2.0 Generic

Arrizabalaga eta Castejon artean abiadura handiko trenarentzat plataforma bikoitza eraikitzen ari dira. Horren harira, Espainiako Garraio Ministerioak proposatu du — behin behinean, behintzat — plataforma horrek ohiko trenak erabiltzen duen trenbide baten zabalera izatea. Beraz, trenbidearen nazioarteko zabalera estandarrera —1.435 milimetro — egokituko litzateke ibilbide osoan. Horrela mantendu nahi du AHTaren Castejon eta Zaragoza arteko plataforma martxan egon bitartean.

Diario de Navarra hedabideak jaso duenez, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoko Nafarroako dekano Pedro Bustok adierazi du aldi baterako aukera honek “alde ona” duela, baina “arriskuak” ere aurreikusten ditu: “Besteak beste, alde negatiboak dira aldaketa hau denboran mantentzea eta San Jorge auzoko egungo geltokiarekin 30 edo 40 urtez jarraitzea”. Halaber, Etxabakoizko geltokiaren proiektuak “sine die” jarraitzeko arriskua duela azpimarratu du Bustok.

Ministerioak adierazi du AHTrako eraikitzen ari diren plataforma 2026 edo 2027an amaitzea aurreikusten duela. Horregatik, bitartean erabilerarik gabe ez geratzeko Bilbo-Casetas (Zaragoza) linearekin konektatuko da aldi baterako.

Abiadura aldaketa

Bestalde, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak adierazi du aldaketarekin trenak "abiadura handia" ere lortuko duela: “Hori ez dago zabaleraren mende, baizik eta trenaren plataforma berriaren mende, malda eta bihurguneak murrizten baititu”.