argia.eus
INPRIMATU
Nafarroa: inkestek lehia itzela berresten dute
  • Honakoa da gaur Nafarroako Legebiltzarraren osaketa: UPNk 19 parlamentario, PSNk 9, Bilduk 7, Aralar NaBaik 6, PPk 4, Ezkerrak (I-E) 3, Geroa Baik 2 (NaBai taldea legealdi hasieran zatitu zen eta 6 parlamentario Aralar Na-Bai taldean geratu ziren eta 2 Geroa Bain).

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko apirilaren 28a
Nafarroako Legebiltzarra. Arg.: Navarra.es)

Joan den asteburuan maiatzeko udal eta foru hauteskundeei buruzko hainbat inkesta kaleratu zen hedabideetan, esaterako CIESek Diario de Navarrarentzat egindakoa. Honakoa zen emaitza: UPN 14-15; Geroa Bai 9; Podemos 8; EH Bildu 7; PSOE 5; PP 3 eta Ciudadanos (C's) 3; I-E 0-1. Honen arabera, jarraitzen da ikusten lehia oso estua izango dela, baina PSNrik gabeko oposizioak ez lituzke gehiengo osoak behar dituen 26 eserlekuak. Gero Bai, Podemos , PSN eta I-Eren botoek ere ez lukete gobernurako aukerarik emango. UPN, PSN, PP eta C'sen batuketak bai, 26 justu UPNk 15 lortuko balitu (orduan I-E gabe geratuko litzateke).

Juan José Domínguez Nafarroako politologoak ere atera du berea: UPN 13-15, EH Bildu 8-10, PSN 7-9, Geroa Bai 5-7, Podemos 3-5, IU 2-4, C's 1-3 eta PP 1-3. Diario de Navarraren inkestarekiko desberdintasunik handiena da bigarren indarra EH Bildu dela, PSN mantendu edo apur bat jaisten dela eta Geroa Bai eta Podemosek ez dutela horrenbeste ateratzen. Aldagai onenak betez gero PSNrik gabeko oposizioak 26 eserleku lortuko lituzke. EH Bildurik gabeko oposizioak (PSN, Geroa Bai, Podemos eta I-E) ez luke gobernu aukerarik. Inkestak baditu hiru aukera alderdi bakoitzarentzat, Domínguezen ustez Podemos eta C's aurrekaririk ez dagoenez, inkesten emaitzak lausotu egiten dira.

Martxoaren amaieran Diario de Noticiasek ateratako Gizaker-eko inkestak ere jaitsiera handia iragartzen zion UPNri: UPN 13, Podemos 9, Gero Bai 9, EH Bildu 8, PSN 7, PP 2, E-I 2 eta C’s 1. Gobernu berrirako bi aukera leudeke, batean EH Bildu, Podemos, Geroa Bai eta E-I (27-28 eserleku), eta beste bat justuxeago Podemos, Geroa Bai, PSN eta E-I (26-27 eserleku). Hemen harrigarriena litzateke UPN, PSN eta C’s bilduta ere ez luketela 25 boto lortuko.

Gararen inkesta hau iragan abendukoa da:  UPN 13, EH Bildu 9, Podemos 9, PSN 7, Geroa Bai 6, PP 4 eta I-E 2. PSNrik gabeko oposizioak ozta-ozta lortuko lituzke 26 eserleku. EH Bildurik gabekoak ez. Orain guztiek eserlekua eskaintzen dioten C’s agertu ere ez da egiten eta urruntasunak beti lausotzen du emaitza, baina gainerakoan badira parekotasunak aurreko inkestekin: lehenik, UPNren jaitsiera handia; bigarrenik, EH Bildu, Geroa Bai eta Podemos hor ibili daitezkeela antzera samar; eta, azkenik, hemengo hiru inkestetan PSN jaisten dela baina ez duela sekulako danbatekorik hartzen.

Argitaratzen ari diren beste hainbat inkestaren berri izan nahi duenak, hemen aukera bat: Electomania