Nabulus

  • Nabulus izena sugeari kendutako hortzetik omen dator ; sionistek "terrorismoaren sehaska" esaten diote, eta gauero etortzen dira sugeari letagin berriak erauztera. Orain hurrena bederatzi garbitu zituzten. Bart gauean ere sartu dira, hamabiak jo dutenean, eta gure begien aurretik pasatzen ikusi ditugu, harro, sei karro, anbulantziaren egoitza azpitik. Auzo oso bat esnatu dute tiroka. Danbada handi batzuk entzuten ziren hasieran, eta tartean-tartean haizeari ere pultsu egin ezin zioten tirotxo batzuk. Ez dago esan beharrik zein aldetatik zetorren bakoitza. "Baina zertara sartzen dira gauero Nabulusera?" galdetzen badu norbaitek, euskarak egoki asko erantzungo dio: miaka ibiltzen dira, ba ote dabilen inor.


2007ko maiatzaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01
Anbulantziako langile palestinarra, gaur gauean, zentraleko atean.

(Oraintxe iritsi gara hotelera, eta idazten jarri naiz, "hau bai benetako egunekoa egitea" esan dit Txominek, « egunekoa ez, hau gauekoa izan duk " erantzun diot. Ilargi gorriko anbulantziaren zentralean pasa baitugu gau osoa erreportajea egiten).

Ilargi bete-betea dago Nabulusen, pusketatan ebaki eta etxez etxe banatzeko modukoa. Baina ez dute palestinarrek ilargi zatirik nahi etxean, "ilargi zati gorria" anbulantziaren izena baita hemen. Eta anbulantziak, zoritxarrez, badaki zer den argi egitea Nabuluseko gauean.

Nabulus izena sugeari kendutako hortzetik omen dator ; sionistek "terrorismoaren sehaska" esaten diote , eta gauero etortzen dira sugeari letagin berriak erauztera. Orain hurrena bederatzi garbitu zituzten. Bart gauean ere sartu dira, hamabiak jo dutenean, eta gure begien aurretik pasatzen ikusi ditugu, harro, sei karro, anbulantziaren egoitza azpitik. Auzo oso bat esnatu dute tiroka. Danbada handi batzuk entzuten ziren hasieran, eta tartean-tartean haizeari ere pultsu egin ezin zioten tirotxo batzuk. Ez dago esan beharrik zein aldetatik zetorren bakoitza. "Baina zertara sartzen dira gauero Nabulusera?" galdetzen badu norbaitek, euskarak egoki asko erantzungo dio: miaka ibiltzen dira, ba ote dabilen inor.

Ilargi gorrian telefonoak behin baino gehiagotan jo du gauean, eta ez da harritzekoa, bi furgoneta baino ez baitaude 350.000 biztanleko herriaren zerbitzura. Gu zentralean egon gara gau osoan, anbulantzien sartu irtenak ikusten. Anbulantziaren barruan joan izan bagina check pointetan doble denbora galduko zuketen, eta doble asko da, normala ordu bete izan daitekenean. Ordulariak buelta osoa eman artean edukitzen dute anbulantzia geldituta check pointean, eta Heriok ez du beti hainbesteko pazientzia izaten. Maiz, anbulantzia iristerako, ez da gehiago zauriturik egoten.

Agian harrituta egongo dira aspaldian check pointetako israeldarrak. Anbulantzia palestinarraren barruan kaliforniar gazte bat dabil, boluntario. Hogeita hiru urte ditu, eta judu baten semea da. Ez die kontatu gurasoei non dabilen, gezurrezko emailak bidaltzen dizkie tarteka, ez kezkatzeko esanaz, Kalifornian dabilela. Izan ere, hain handia da Amerika. Eta berarekin batera palestinar adineko bat doa anbulantzia barruan. Goizean, furgoneta gorrixka aparkatutakoan, auto horia hartuko du; taxi txofer bihurtuko da. Eta hilabeteko oporrak tokatzen zaizkionean Israelera joaten da sukaldari bezala lan egitera. "Denaren beharra dago, habibi, etxeko poltsikoa berdintzeko". Eta hiru lan gutxi bailiran, zauritu edo hildako bat jaso behar duenean, argazkia ateratzen dio mugikorrarekin, hartara inork ez du esango gertatu ez denik. "Soldaduek badakite argazkiak ateratzen dituzula?" galdera inozoa nirea, "bai zera ! Ikusiko banindute tiro bat joko lidakete, bertan akabatu!". Inoiz gertatzen bada, desio ez dudan arren, agian, norbaitek esan beharko die hiltzaileei gizon hori hamaika soldadu israeldar salbatutakoa zela.

Goizeko hiruak aldera berriz hasi dira tiro hotsak inguruan. Gaueko isiltasunean garbi-garbi entzuten dira. Anbulantziaren zentralean telefonoak jo du. Badoaz hiru lagun ziztuan. Ordu erdian egon gara beraien zain. Etorri dira bueltan. "Good work?" galdetu diet. "Bai, haurdun zegoen emakume bat zen, gauean taxia hartzea arriskutsuegia da eta guri deitu digu. Ospitalera eraman dugu".

Bihar, ez da inongo egunkaritan irakurriko, baina gaur, Nabulusen, haur bat jaio da gauean.


Eguneraketa berriak daude