Musukoaren erabilera ez da aldatuko EAEn, baina normaltasuna itzuliko da aisialdi eta ostalaritzara. Pandemiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak indargabetzea erabaki du LABIk, astearte arratsaldeko bileran. Nafarroak joan den astean egin zuen.
Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu zuen moduan, osasun larrialdia bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzak astearte arratsaldean, eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (LABI) desegin da. Azken bilera horretan, Jaurlaritzak orain arte hartu dituen neurri murriztaileak indargabetu ditu, aisialdi eta ostalaritzara normaltasuna itzuliz (barran kontsumitu ahalko da, esaterako). Ostegunetik aurrera sartuko da indarrean erabakia.
Musukoa eta aforoa
Espainiako Gobernuak arautzen duena mantenduko da, hori bai, eta musukoaren araudia adibidez ez da aldatuko: leku itxietan jantzi beharko da, baita kanpoan izan arren distantzia nahikoa ez dagoenetan ere. Espazio itxietan eta 5.000 ikusentzule bilduko dituzten lekuetan %80ko aforoa mantenduko dela zehaztu du lehendakariak.
Izan duen jokabideagatik eskerrak eman dizkio Iñigo Urkulluk euskal gizarteari.