Joxe Mari Agirretxe, 'Porrotx': "Azpitik etorri zen zurrunbiloa izan zen, gizartean azaleratu zena: egunkarian, irratian, txosnetan... Egundoko ustekabea izan zen. Guk ez genuen horretarako egin. Poz handia izan zen jendeak Maite zaitut abestia bere egitea. Euskal Herriko festetan euskal kantek arrakasta izatea benetan ona da".
Asier Gozategi: "Sortzaile bat naizen aldetik, udako kanta bat egitea ez da helburua, berez datorren gauza bat da. Azken urteotako joera bihurtzen ari da udako abestia zein izango den uda hasi aurretik esatea. Komunikabideen bidez inposatu nahi duten estrategia izan ohi da (...) Azken batean, abesti baten helburu nagusia da, jendearengan hainbat sentimendu eta sentipen sortaraztea, azalaraztea (...) Badira preseski udako abestia izatea bilatzen duten taldeak, baina merkatuko arau horietan sartzen hasten bazara ez da gauza onik aterako. Musika sentimenduekin egiten da, eta ez buruarekin".
Maider Segurola: "Ez zaio merezi duen baino garrantzi gehiago eman behar, azken batean, izen hori bereganatzen du udan gehien entzun den kantuak (...) Uste dut euskal kantak ez direla udako kantu izateko sortzen, berez datorren gauza bat dela. Iaz Pirritx eta Porrotxek ez zitzaien burutik pasa ere egingo udako parrandetan ipiniko zenik beren kanta. Abesti batzuk udakoa izateko sortzen dira, baina ez da euskal musikarien kasua". (2007-08-23)