argia.eus
INPRIMATU
Musika dokumentalak baino gehiago aurtengo Dock of the Bay jaialdian
  • Donostiako Musika Dokumentalen Nazioarteko Jaialdia urtarrilaren 9tik 16ra ospatuko da. Musikaren inguruko filmak ardatz, antolatzaileek “jauzi kualitatiboa” egin, eta hainbat ekintza antolatu dituzte: emanaldiak, kontzertuak, erakusketak, argitalpenak eta mintegi teorikoak.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 07a
"Can't Stand Losing You: Surviving the Police" filmaren irudia.

Zinemaren eta musikaren zaleen talde batek bultzatuta sortu zen Dock of the Bay 2007an, zinema erakusketa gisa. Aurten ere, Donostian bederatzigarren aldiz egingo den jaialdiak musika dokumentalen topagune, eta erakusleihoa izatea du xede.

Aurten aurkeztu diren filmak lehiaketa eta erakusketa sailetan banatu dituzte. Bederatzi film programatu dira lehiaketarako eta beste sei erakusketarako. Horien artean bost pelikula estreinako aldiz ikusi ahalko dira. Emanaldiak Trueba Zinematan eta Antzoki Zaharrean egingo dira.

Lehen aldiz argitalpenen ildo bati ekingo diote jaialdian. Argitaratuko duten lehen lana Felipe Cabrerizoren Gainsbourg: Elefantes rosas izango da, Serge Gainsbourg musikariari buruzko lan biografikoa.

Musika dokumentalen inguruko mintegia

Jaialdiaren baitan, “Egiazkoaren narratibak” mintegia antolatu dute 14ean eta 15ean. Euskal Herriko Unibertsitatea, Koldo Mitxelena Kulturgunea eta Donostia Sustapenaren laguntzarekin. Bertan aztertuko dira zinema dokumental musikalaren narratibak, baita horiek nola txertatzen diren ikus-entzunezko garaikideen sorkuntzaren eta berrikuntzaren arloan.

Parte-hartzaileek aukera izango dute eztabaidatzeko errealizazioarekin, kritikarekin, ikerketarekin edo zabalkundearekin lotutako hainbat hizlarirekin. Mintegiaren koordinatzailea Fernando Golvano Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izango da.

Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da, info@dockofthebay.es helbidera mezu bat bidaliz.