Fitxa: Arriaga Laukotea (Aitzol Iturriagagoitia, Rodrigo Bauzá –biolinak-, Miguel Ángel Lucas –biola-, eta Damien Ventula –txeloa-). Egitaraua: Arriaga, Boccherini, Guridi eta Toldrà-ren obrak. Lekua: Kursaal Ganbera Aretoa. Data: Abuztuaren 24a.
Kontzertu gutxitan gertatzen da, baina gertatzen denean, denbora gelditu egiten da, eta musikaz disfrutatu besterik ez dugu egiten. Holako momentu magikoa bizi izan genuen joan den asteazkenean Arriaga Laukotearen eskutik. Musikarien teknika (perfektua, bestalde) ez zitzaigun axola, zailtasunak ez ziren existitzen. Sentitzen genuen gauza bakarra jario musikala zen. Hori da kontzertu ideala, baina ez da ohikoa, zoritxarrez.
Musikari bakoitzaren kategoria begibistan gelditu zen, baina, horrez gain, haien gaitasuna modu berean musika “arnasteko” nabarmenduko nuke. Lau instrumentuen plano sonoroak erabat kontrolatuta dituzte, eta emaitza orokorra konpaktazioaren eredua da.
Bertute guzti hauekin, ez da arraroa Arriagaren La maiorreko 2. laukotea obra biribila, enpastatua eta beroa ateratzea. Azpimarratuko nuke bigarren mugimendua, Andante bariazioekin, non interpreteek jakin zuten bariazio bakoitzari bere izaera ematen, oso kontrastatuak haien artean.
Bestalde, Boccheriniren Do minorreko G. 159 laukotea lanean, hirugarren mugimenduan lortutako aniztasun dinamikoa nabarmenduko nuke.
Saioaren bigarren zatian, Guridiren Sol maiorreko 1. laukotea entzun genuen. Benetako harribitxia. Vivace basatia oparitu ziguten musikariek, eta Adagio intentso eta sakona. Eduard Toldrà konpositore katalanaren Vistes al mar izan zen kontzertuaren azken obra. Nerbiodun eta bizia atera zen Arraga laukotearen bertsioa.
Bis bat eman zuten Toreatzailearen otoitza, Joaquin Turinarena. Aurreko obrak bezala, primeran.