Enplegu publikoaren jaitsiera berretsi dute Espainiako Ogasun Ministerioaren azken datuek: bi urtean Hego Euskal Herrian 3.500 lanpostu publiko baino gehiago galdu dira. Hezkuntzan izan da murrizketarik handiena, eta udal eta aldundietako postuak ere nabarmen jaitsi dira.
Berria-ko Garikoitz Goiekoetxea kazetariak bildutako datuen arabera, guztira, 800 irakasle kendu dituzte Hego Euskal Herrian; 200 unibertsitatean eta 600 unibertsitatez kanpoko hezkuntzan.
Hala ere, aldea dago erakunde batetik bestera. EHUn orain dela bi urteko antzera daude, hamar langile gehiagorekin. Baina Nafarroako Unibertsitate Publikoan 212 lanpostu galdu dira.
1.500 postu gutxiago administrazioan
Administrazio publikoan ere sakon moztu du murrizketen artaziak. Udal eta aldundietan %4,5eko enplegu beherakada izan da, 1.500 lanpostu inguru galduz.
Lurraldeka, Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzak baino lanpostu gehiago kendu ditu. Buru ordea, Espainiako Gobernua dago. Bi urtean Hego Euskal Herrian zituen lanpostuen %6 kendu ditu, bai administrazioko langileak, baita poliziak ere.
Hutsik dauden lanpostuak ez dira kaleratutako langileek utzitakoak bakarrik. Asko langileak erretiratu ostean bete gabe utzitakoak dira.
Sindikatuen protesta
ELA sindikatuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gela bakoitzeko ikasle kopurua igotzea erabaki duela, eta ondorioz, Haur eta Lehen Hezkuntzan 196 postu desagertu daitezkeela. 2012an Nafarroako Gobernuak ratioak igo eta irakasleen eskola orduak gehitu zituenean, 393 irakasleren postuak galdu zirela gogorarazi dute.
Osasungintzako mozketak ere ozen salatzen ari dira sindikatuak, uda hurbildu ahala egoera okertzen ari dela baitiote. Beraien esanetan, Osakidetzan behin-behineko 3.000 postu galdu dira eta ordainetan, langileei lanorduak gehitu dizkiete. SAE erizainen sindikatuak ohartarazi du Osakidetza 400 ohe kendu nahian ari dela.
Kasu honetan ere, Nafarroako osasun publikoaren egoera EAEkoa baino okerragoa dela jakinarazi dute.