Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektoreak eta Pierre Barriere Pirinio Atlantikoko Akademia ikuskariak, besteak beste, hartu dute parte hezkuntzari buruzko jardunaldietan. Donapaleun asteazkenean egindako saioan, baina, hizkuntza esparruko hainbat eragile manifestatu dira, murgiltzearen aldeko politikak eskatzeko.
Bilkura hasi baina ordu batzuk lehenago, jendea hurbiltzen hasia zen jardunaldiak egin behar zituzten lekura; hasi baino ordubete lehenago, jendarmeak bertaratutako lagun batzuk identifikatu zituen jada. Jardunaldiak hastean, guraso, ikasle zein irakasleak antzokian sartu ziren haien pankarta eta aldarrikapenekin. Oihu eta eskakizunak bota ondoren, gelatik joan ziren protestan zebiltzanak, baina lehenago Alain Sanzek, Departamenduko auzapezen elkarteko presidenteak, isiltzeko eskatu zuen “ez gara autistak” esanaz, eta horrek bertaratuak gehiago samindu zituen.
Kasu honetan, Ipar Euskal Herriko Elkargoko hiru eskola ereduek elkarrekin egin dute protesta, ikastoletako, eskola publikoetako eta eskola kristauetako lagunak bilduz. Denak daude murgiltzearen alde, eta bidegabekeria iruditzen zaie elkargoko hezkuntzan euskarak duen egoera subordinatua.
Eskakizun transbertsala
Seaskak, bere aldetik, datorren ikasturterako 30 irakasle eskatzen ditu oraindik. Ministeritzak bost eskaini zituen, baina ekainaren 7an eginiko mobilizazioen ostean beste instituzioek beste bost bermatzea lortu zuten. Eskola publiko eta kristauetakoak, bestalde, haserre daude Frantziako Gobernuak ez duelako baimenik eman euskararen murgiltze-esperimentazioak beste hiru eskoletan burutzeko. Horrez gain, Lizeoetan egingo den erreformak euskarazko irakaskuntzak duen balioa galtzea ekar dezake.
Euskarak Ipar Euskal Herrian izan behar duen garrantziak lubakia irekia du oraindik, hizkuntza gutxitu baten murgiltzearen aldeko ekintzaileek Frantziako Estatuaren immobilismoa baitute aurrean. Horren adibide, Euskal Irratietan Olivier Dugripek esandakoa: beste gauza batzuen artean adierazi du Estatuak jada indar handia egin duela, Seaskaren eskakizuna handiegia dela, eta kezkatzekorik ez dagoela.