Hego Euskal Herrian 419 positibo atzeman dira azken orduetan. Nafarroan 81, 233 Bizkaian, 57 Gipuzkoan eta 44 Araban. Orotara asteazkenean baino 108 gehiago.
COVID-19a “tokia irabazten” ari da Euskal Autonomi Erkidegoan, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzei jarraiki. “Bigarren olatu" baten aurrean gaudeka dio sailburuak, baina ez litzateke martxokoa bezain indartsua izango.
Murgaren aburuz, hainbeste kasurekin, “normaltasun berria ez da posible”. EAEko biztanleriak “ohiturak aldatu” egin behar dituela dio, elkarrengandik urrunduz, batik bat. Hain zuzen ere, gehienak “aisialdian” kutsatzen omen dira haren esanetan, eta testuinguru horretan "ezinbestekotzat” jo du pertsona gutxiagorekin harremana izatea. Gainera festak bertan behera uzteak ez omen du "inolako zentzurik", baldin eta festa horiek etxeetan edo bestelako tokietan ospatzen badira.
Sailburuak dionez, aste honetan edozein jarduera sozialetan dago jendea kutsatzeko arriskua. Ondorioz, halakoetan parte ez hartzeko eskaera luzatu du. Datozen egunetan kutsatzeak areagotu egingo direla ohartarazi du Murgak, eta aldi berean, ospitaleratzeak. Uda hasieran, ospitaleratzeak ugariak ez baziren ere, orain horiek ere gehiago dira. Osakidetzak ez du gainezka egingo, baina Jaurlaritzak soilaru eta Zaintza Intentsiboko Unitate berriak prestatzeko asmoa iragarri du.
Hego Euskal Herrian 98 pertsona daude ospitaleetan COVID-19ak jota, gehienak Bizkaian, eta horietatik bederatzi lagun ZIUetan daude. Positibo gehienak, hain zuzen ere, sartaldean detektatu dituzte: ostegunean 233 izan ziren, asteazkenean baino 78 gehiago. Nafarroan, aldiz, 81 izan dira. Gipuzkoan, 57 lagunek eman dute positibo. Araba izan da kalte arinena jasan duena, 44 kutsaturekin. Kezka berezia dago Bilbo, Gasteiz eta Barakaldo bezlaako hirugune handietan, izatez, egunotako kasu gehienak bertatik datoz. Murgaren iritziz, inguru horietan “joan-etorri asko” daudelako izan da.
PCR froga masiboen emaitzak ere argitara atera dituzte. Nafarroan, esate baterako, 84 PCR test egin dizkiete Tuterara fruta jasotzera joan ziren beharginei, eta guztiek negatibo eman dute. Urdulizko ospitalean dagoeneko 523 test egin dituzte, Erandioko batzokian izandako agerraldiarekin lotuta. Bertan aurkitzen ziren lau lagunek positibo eman dute, eta ostegunean beste 257 proba egin zituzten. Basurtuko erietxean, aldiz, beste 154 test egin zituzten agerraldi beragatik, eta positibo bat izan da. Azkenik, Fever diskotekan izan ziren 111 pertsonek ere egin dute proba, eta horien artean 18 positibo atzeman dituzte.
Euskara ere konfinatuta
Murgak ia ordu erdiko prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, eta 30 segundu baino ez zen mintzatu euskaraz. Agerraldi osoan euskaraz bi esaldi baino ez zituen esan. Sarean haserrea eragin du sailburuaren jokabideak.
#Koronabirusa #Euskara Datozen egunetan jendea birusak jota hilko dela dio Nekane Murgak. Eta Sailburuaren eredua jarraituz, martxa honetan, baita euskara ere.
— Joni Ubeda (@joniubeda) August 6, 2020
Gaurko agerraldia: 28:35 minutu.
Euskaraz: 32 segundu.https://t.co/DnfXxPpx7l