Droneak bistaratu dituzte Municheko aireportu inguruan bart. Hamazazpi hegaldi bertan behera utzi eta 3.000 lagun inguruk gaua aireportuan pasa behar izan dute.
Bart, Municheko aireportu inguruan droneak bistaratu ostean 3.000 lagun ingururen hegaldiak bertan behera utzi dituzte. Gainera, iristekoak ziren beste hamabost hegaldi Stuttgart, Nuremberg, Viena eta Frankfurtera desbideratu dituzte, aireportuak jakinarazi duenez.
Alemaniako Polizia Federalaren arabera, hainbat pertsonak drone bat ikusi dute aireportutik gertu, eta, ondoren, instalakuntzen inguruan gehiagotan errepikatu da egoer, baina ezin izan dute zehaztu drone bakarra edo bat baino gehiago ziren. Poliziak ingurua miatu ostean ez dute ezer aurkitu. Goizeko 05:00etarako normaltasuna berreskuratu du aireportuak.
Errusia eta NATO mokoka
Pasa den astean Danimarka eta Norvegian aireportuak aldi baterako itxi zituzten, drone batzuen bistaratzeen ondorioz. Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek iradoki du Errusia operazioaren atzean egon daitekeela. Putrinek Sochin emandako diskurtso batean ezeztatu du akusazioa, “zentzugabea” dela esanda. Iragarri du, bestalde, Europaren berrarmatzeren aurrean kontra-neurriak aplikatuko dituela. Izan ere, EBko buruzagiak elkartu dira Kopenhagen asteazken honetan, Ukrainari eman beharreko laguntzari buruz hitz egiteko eta kontinentea 2030erako "inbaditzaileak urrun mantentzeko prest" dagoela bermatu eta Europako defentsa proiektuak berresteko. Bileran, europar buruzagiek oniritzia eman diote droneen teknologia gehiago garatzeari, Errusiaren aurrean “drone horma” martxan jartzeko.