argia.eus
INPRIMATU
Muñecas kapitaina eta torturaren orbana
  • Frankismoko hainbat agintari eta poliziaren kontrako auzian Jesús Muñecas Aguilar guardia zibila dago inputatuta. 1976an Anparo Arangoaren torturen karira Tolosatik Donostiara lekuz aldatu zuten, baina hainbat testigantzen arabera torturatzen segitu zuen. ARGIAk Anparo Arangoaren tortura eta argazki ezagunen inguruko erreportajea kaleratuko du aste honetan, Muñecas kapitainaren segidako “biografia” osagai duela.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko maiatzaren 13a
Jesús Muñecas domina bat jasotzen 1976an.

Argentinako María Servini de Cubría epaileak Zarautzen eta Tolosan atxilotuak torturatzeagatik inputatu du Jesús Muñecas Aguilar. Zaragozan jaioa Muñecasek Andoni Arrizabalaga torturatu zuen 1968an, eta  anaia baten testigantza du eskura epaile argentinarrak. Senideek Zarautzen ikusi ahal izan zuten Arrizabalaga –“ez zuen gizakia ematen”– eta Muñecasek irribarre ziniko batez zera esan zien: “Hori gertatzen zaio kolaboratu nahi ez duenari”. Telesforo Monzónek bere omenez idatzi zuen Itziarren semea abestia.

Tolosako egonaldian ere sekulakoak egin zituen. 1976an Arangoaren irudiak agertu zirenean, Joaquín Navarro zen herri hartako epaile-instruktore eta kapitainari esan zion “gaitz” hori pertsegituko zuela nola edo hala; hara nola gogoratzen duen Navarrok bere liburu batean (Buenos Días, Euskadi) Muñecasen erantzuna: “Ohiko delinkuenteez gupidatzen zela esan zidan, baina delinkuente politikoak gorroto zituela”.

Donostian torturatzen segitu zuen

Argazkien aferaren ondoren Donostiara bidali zuten; bertan sadismo berarekin jipoitu zituen atxilotuak. 1976ko torturen inguruko Justicia y Paz elkartearen txosten batean Jesus Lasa elizgizonak esandakoak har ditzakegu froga gisa. Lasa 1976ko maiatzaren 8an eraman zuten Donostiako kuartelera eta Muñecas ezagutu zuen: “Sei torturatzaile agertu ziren, Tolosatik lekuz aldaturiko kapitaina buru zutela”. Hortik aurrerakoak larrutik nozitu zituen. 

Urte batzuk geroago Madrilera bidali zuten Antonio Tejero teniente-koronelarekin. Han egosi zuten 1981eko estatu kolpea eta protagonista nagusiak izan ziren. Muñecas izan zen Kongresuan zeudenei esan ziena agintari eskudunen zain zeudela, “militar, por supuesto”. Kolpeak porrot egitean, hainbat egunkarik urte batzuk lehenago Tolosan gertaturikoa haizatu zuten. Baina Muñecasek ukatu egin zuen Arangoa torturatzeagatik lekuz aldatu zutenik, areago, El País eta Diario 16 egunkarien kontra kereila kriminala sartzeko mehatxua egin zuen, eta Ignacio Lombo izeneko kapitaina tortura kasu horrekin nahasten saiatu zen.

Denbora laburrez kartzela militarretan ostatu hartu ondoren, Valdemorora joan zen eta bertan hipika bat ireki zuen. 1994an hipika horretan omenaldi sonatua antolatu zion Tejero teniente-koronelari. Egun 74 urte ditu eta gehieneko pentsioa jasotzen du.