Europar Batasunak munduko agintarien arteko elkarlana bultzatu du koronabirusari aurre egin dakiokeen txerto bat aurkitzeko. EBtik kanpoko herrialdeek ere hartu dute parte, nahiz eta munduko potentzia handienetako batzuek, Indiak, Errusiak eta AEBek adibidez, ez duten parte hartu. Guztira 74.000 milioi euro bildu dituzte.
Hainbat estaturen artean jarritako diru hori COVID-19aren aurkako txertoa sortzera bideratuko da, eta EBk adierazi duenez, herrialde txiroenetara ere bideratuko dituzte. Hori adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak: “Txertoaren sortzaileei ordaindu egingo zaie, noski, baina mundu osoko jendeari helaraziko zaio txertoa, guk erabakitako erakundearen bitartez”.
Biltzarrean erabaki dute txertoa sortzeko ardura jasoko duten farmazeutikek ez dituztela haren eskubideak galduko, baina mundu osoan erosi ahal izateko bezalako prezioak jarri beharko dituztela.
Batasun ideia zabaldu nahi izan dute parte hartzaileek, eta agintari batek baino gehiagok adierazi du elkarren arteko lankidetzarik barik ezinezkoa izango dela sendagaia aurkitzea. Macronek txertoa ez dela inorena izango adierazi du, eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak batasunaren garrantzia azpimarratu du: “Munduko herrialde edo industria farmazeutiko bat ere ez baita gai hau bere kabuz egiteko”.
Europar Batasuneko herrialdeez gain, Kanada, Japonia, Jordania, Norvegia, Israel eta Hego Afrikak ere hartu dute parte. Txinak, EBk parte hartzeko eskatu eta gero, bere Europar Batasuneko enbaxadorea bidali du bilerara.
Baina EBk antolatutakoa ez da izan helburu honekin antolatutako batzar bakarra. Bruselako bilerara joateari uko egin dion Indiak beste biltzar bat egin du, eta ekialdeko zenbait estatuk hartu dute parte, Iranek besteak beste.
Potentzia handiak faltan
Elkartasun eta lankidetzako ideiak zabaldu badituzte ere, batzarrean munduko potentzia handienetako batzuk, Errusia, India eta AEBak adibidez, falta izan dira. Azken herrialde horretako presidente Donald Trumpek adierazi du urte amaierarako prest egon litekeela bere herrialdeko industriak ekoiztutako txertoa. Zenbait zientzialarik, ordea, ez du plan hori egingarri ikusten.
Polemikoa izan da, baita ere, Osasunaren Mundu Erakundearen papera bileran. Izan ere, joan den hilabetean AEBek euren kuota ordaintzeari utzi zioten erakundeak Txinarekin duen harremanagatik. Hala ere, Europako zenbait agintarik, Norvegiako lehen ministro Erna Solbergek kasu, goraipatu egin dute OMEk egin duen bitartekaritza lana eta osasun larrialdi bati aurre egiteko duen osasun egitura.
Norekin egin lan
Emmanuel Macronek azaldu bezala, txertoa sortu eta banatzeko erabiliko duten erakundea aukeratzeke dago oraindik. Dena den, jada existitzen diren mundu mailako osasun erakundeekin lan egiteko nahia erakutsi dute, hala nola, Gurutze Gorria, OME eta Gavi, azken horrekin batez ere.
Jasotako 74.000 milioietatik 4.000 txertoaren ikerketara bideratuko dituzte, 2.000 tratamenduak aurkitzeko eta 1.400 Europar Batzordeak baimendutako testak ekoizteko.