Beste urte batez, iritsi da apirilaren 17a, nazioarteko preso politikoen eguna eta gaurkoan, bereziki, Kurdistanera bidali nahi ditugu indar internazionalista guztiak, borroka eta konpromisoaren eredu diren ehunka gose grebalarik tinko baitarraite, egunak joan eta egunak etorri. Leyla Guven parlamentari kurdua da horren adibiderik gordinena, 150 egun baitaramatza gose greban. Protestaren aldarria argia da: Abdula Ocalanen isolamendu egoera etetea eta herri kurduaren aurkako errepresioa salatzea. Horregatik, gaurko lehen lerroak borroka azken muturreraino eraman eta bizitza eman duten horientzat: Zülküf Gezen, Ayten Beçet, Zehra Saglemek, Ugur Sakar, Prendy Cinar, Yonca Akici, Sirac Yuksek...
Euskal Herritarroi ezagunak zaizkigu Leyla eta beste borrokalari kurduen aldarriak, eta hemen ere makina bat borroka izan dira, eta egun ere badira, antzeko aldarriekin. Ezin ditugu ahaztu, esaterako, 1999 eta 2000. urteen artean Daniel Dergik egindako 63 eguneko gose greba, 56 egun iraun zuen Josetxo Arizkurenena, edota urte batzuk beranduago Iñaki De Juana Chaos nahiz Lorentxa Gimonek egindakoak. Neurri berean, ez ditugu ahaztuko 1981n Bobby Sands eta beste hainbat borrokalari irlandarrek Long Kesh eta Mazeko espetxeetan muturreraino eraman zituzten gose eta higiene grebak ere. Zerrenda luzea da, ez du etenik eta ezin ditugu iraganeko pasarte gisa soilik ulertu.