argia.eus
INPRIMATU
Munduko izotzak urtuko balira Baiona, Donostia eta Bilbo urpean lirateke
  • National Geographicek mapa bitxia atondu du. Munduko izotz guztia urtu dela erabaki du eta kontinentez kontinente erakutsi du nola itsasoak gaina hartu digun. Itsasoaren maila 66 metro igoko bada, atera kontuak.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko azaroaren 08a
Europa nola geratuko den itsasoak 66 metro egiten badu gora, National Geographicen arabera

Ez zaigu bihar etorriko itsasoa, izotz koskorrek urtzeko denbora behar dute, National Geographicen kalkuluen arabera, 5.000 urte. Alabaina, atmosferara etengabe CO2 jaurtitzen segitzen badugu izotzik gabeko planeta aurki izango dugu. Eguratsa jasanezina izango litzateke, 26 gradu zentigradutik gorako batez bestekoa izango genuke, oraingo 14 graduekin alderatuta.

66 metro egiten badu gora itsasoaren mailak Londres eta Venezia urpean geratuko dira, Herbehereak osorik desagertuko dira, eta Danimarka ia osoa ere bai. Asian 600.000 milioi txinatar bizi diren lurrak ur azpian geratuko dira eta Bangladesh osorik galduko da. Mapa arretaz begiratuz gero irakurlea konturatuko da gure kostaldea ez dela izango lur gehien galduko duena. Baina ez lasaitu gehiegi, Zarauzko malekoia baino pixka bat gehixeago urperatuko litzateke.