584 milioi ikasle daude egoera horretan, horietatik %40 Saharaz hegoaldeko Afrikan.
Munduko eskolen %31k ez du ez urik ez saneamendu-instalaziorik, eta horrek eragina du ikasleen ongizatean eta eskolatzean, Unescok, Unicefek eta Elikagaien Munduko programak asteazkenean argitaratutako txostenaren arabera. 584 milioi ikasleri eragiten die horrek, eta %40 Saharaz hegoaldeko Afrikan bizi da.
Ikastea eta aurrera egitea: Eskolako osasuna eta nutrizioa munduan izeneko txostenak dioenez, eskola baldintza onetan egoteak ikasleen matrikulazio kopurua handitzen du. Hots, eskola-janaria eskaintzeak %9 igotzen du izena emandako ikasleen kopurua; desparasitazioak eta nutrizio-gehigarriak emanda, berriz, 2,5 urte luza daiteke anemia edo infekzio parasitario ugari izaten dituzten eskualdeetako haurrek eskolan irauten duten denbora. Txostenean aipatzen da munduko ia herrialde guztiek eskola-otorduak ematen dituztela, baina egoera zaurgarrienean dauden haurren artean, 73 milioik ez duela otorduak eskolan egiteko aukerarik.
Ikerketa zabaldu duten erakundeek eskatu dute ikasleen osasun fisikoa eta mentala, elikadura, ongizatea eta garapena babesteko eta sustatzeko ekintzak egin daitezela. Horretarako, hainbat neurri aipatzen ditu txostenak: eskoletan janaria ematea, txertoa jartzea, parasitoak kentzea, laguntza psikosoziala, osasun-hezkuntza eta osasuna eta ongizatea sustatzeko ikaskuntza-ingurune seguru eta integratzaileak sortzea.