argia.eus
INPRIMATU
MUNDUKO ERLIJIO NAGUSIAK
2002ko ekainaren 15
Hil honetan Arantzazun egingo den Institutu Erlijiosoen I.go Kongresuaren inguruan Izaskun Jauregi kazetariak ARGIAn idatzi duen erreportajea aitzakia bezala harturik, munduko erlijio nagusiei buruz egingo dugu berba gaurkoan. Hasiera batean, kristautasuna, islamismoa, judaismoa, budismoa eta hinduismoa bildu genituen eskema batean, eta Interneten horiei buruz zer dagoen bilatzeari ekin genion. Lehenik eta behin Encarta entziklopediara jo genuen, eta berehala sortu zitzaizkigun lehen zalantzak. Izan ere, Encartak "erlijio" bezala judaismoa, kristautasuna eta islama hartzen ditu, baina ez budismoa eta hinduismoa. Bi hauek, taoismoarekin batera, askapenerako bideak dira, eta baldintza sozialek eragindako ideia eta sentimenduekiko giza-kontzientziaren emantzipazioaz arduratzen dira. Hau da, Budismoa eta Hinduismoa erlijio bezala har daitezke, "erlijioa pertsona batek unibertsoarekin edo jainko batekin nahiz gehiagorekin mantenduriko harreman esentzial batean oinarrituta dagoen bizimodu edo sinismena den heinean, baina ez erlijioa sortutako munduaren orden batekiko fedeaz ari denean". Kasu honetan -hau judaismoan, kristautasunean eta islamismoan aplika daiteke-, borondate jainkotiarrarekiko akordioak komunitate baten salbaziorako bidea osatzen du, eta ondorioz, baita komunitate horretan paper bat betetzen duten gizabanako ororena ere". Irakurri artikulua gaztelaniaz Irakurri artikulua frantsesez Horrela ba, guk ere eskema hau errespetatuko dugu, eta aurrenik judaismoari, kristautasunari eta islamismoari buruz hitz egingo dugu ahalik eta era labur eta zehatzenean. SALBAZIOAREN IDEIA Aipatu hiru erlijioak monoteistak dira, hots, jainko bakarrarengan sinesten dute, eta badute loturarik elkarren artean. Izan ere, kristautasuna Palestinako komunitate juduaren barruan sortu zen k.o I. mendean, eta islamak, bestalde, hasiera batean judaismotik hartu zuen bere ideologiaren zati bat. Gainera, VII. mendetik aurrera judu gehienak kristautasunetik eta islametik oso hurbil dagoen giro kultural batean bizi izan dira, eta bi erlijio hauek eragin handia izan dute judaismoaren historian. Hiru erlijioen ideia nagusia salbazioarena da, alegia, Jainkoaren desioei men eginda komunitate jainkotiar bateko kide izatearen ideia. Hala, salbazioa komunitate jainkotiar batean sartzearekin lor daiteke. Heriotzaren ostean, komunitatean sartu ez direnen arimak erbesteratuak izango dira, infernu kristaura, juduen gehena-ra edo iblis islamiarrera. Hiru erlijioetako kideek, liburu sakratuetan dituzte salbazioa lortzeko oinarri batzuk: Kristauek Biblian, juduek Toran eta islamek Koranean. Bestalde, eta gehiago ez luzatzearren, esan beharra dago kristautasunaren baitan hiru eliza daudela: katolikoa, protestantea eta ortodoxoa. Irakurri hiru eliza hauei buruzkoak hemen Kristautasuna online Shamash atari judua Islamari buruzko azalpenak Aipatu liburuei eta erlijio hauen inguruko beste hainbat ezaugarriri buruz luze hitz egin genezakeen, baina egoki deritzogu orain Budismoaz eta Hinduismoaz hitz egitea. ASKAPENERAKO BIDEAK Aurrez aipatu lez, Budismoa eta Hinduismoa askapenerako bide bezala har daitezke, baina ezin daiteke esan horregatik erlijioaren aurka doazenik. Encarta entziklopedian irakur daitekeen bezala, "ez dute erlijio edo hitzarmenik suntsitu nahi, horiek eurengandik baldintzatuak izan gabe erabiltzea baizik". Pentsamenduaren eta hizkuntzaren erabilera medio eskuraturiko munduaren kontzeptuaren ideia gainditu nahi dute, kontzeptu horrek banaketa eta desberdintasunak sortu eta pertsonak unibertso absolutuarengandik 'ezin banatzearen ideia'rengandik aldenarazten baititu. Hinduismoaren baitan, askapena lortzeko bide horretan aukera desberdinak ditu eskura gizabanakoak. Garrantzitsuenak 'vedanta' (Upanisad olerki-liburu sakratuko doktrinetan oinarrituta dagoena) eta 'yoga' (jatorria Indian duen meditazio modua). Budismoa, bestalde, hinduismoaren adar bat bezala har daiteke, eta elkarren artean badute antzekotasunik. Hinduismoak ez bezala, ordea, Guatama Budak (k.a. VI. mendea) sorturiko doktrinak ez zuen Indiako kasta-sistema onartzen, eta izaki ororenganako errukian oinarriturik, izaki bizidunik hiltzea debekatzen du. Kodizia alboratzeak 'nirvana' ideal budistara darama, 'vedanta'-ren arabera askapena izango litzatekeena, hain zuzen ere. Hinduismoari buruzkoak. Nafarroako Karma Santem Ling meditazio gune Budistaren web orrialdea. Bestalde, bada hirugarren askapenerako bide bat; taoismoa, hain zuzen ere. Lao-Tse eta Zuang-zi filosofo txinatarrek sortu zuten, eta hainbat aspekturi dagokionez budismoaren antza duen arren, erlijioaren mendebaldeko kontzeptuarengandik are gehiago urruntzen da. Taoismoa 'jujitsu' babeserako teknikan oinarritzen da, zeina arerioa garaitzeko, arerioaren beraren indarraz baliatzen den. Hala, norberak sentimendu eta sen natural propioengan konfiantza jarriz (eta ez horien aurka eginez) kontrolatu behar du bere burua, horiei bakoitzak gura duen norabidea emanez eta ez beraien kontra eginez. Erlijio hauez guztiez gain, badira herri-ohituretan oinarrituriko beste asko, zeintzuk inguratzen gaituen naturarekin harreman zuzena duten eta non mito eta erritualek paper garrantzitsua betetzen duten. Baina horiek agian beste batean jorratuko ditugu.