Paul Romer Mundu Bankuko ekonomia arloko buruak onartu du herrialdeen lehiakortasuna neurtzen duen zerrendan Txileren datuak aldatu izan dituela helburu politikoengatik. Wall Street Journal egunkarian egin zioten elkarrizketa eta eragindako kaltea dela eta, “barkamena” eskatu du ekonomialariak.
Moldaketok Michelle Bachelet Txileko egungo presidentearen agintaldietan izan dute eragin gehien, batez ere azken lau urteetan: rankinean izandako beherakada nabarmena izan da. Bacheletek “mundu mailan erreferentea den erakundearen sinesgarritasuna” ezbaian jarri du albistea jakin berritan.
Doing Bussines izeneko zerrendan 190 herrialdetako enpresen lehiakortasuna neurtzen da. Azken hamabi urteetan Txilek izandako gorabeherak nabarmenak izan dira: batez ere, Michelle Bachelet sozialistaren agintaldietan (2006-2010/2014-2018). Deigarria da, halaber, Sebastian Piñera kontserbadorea Gobernuaren buru izan zen urteetan (2010-2014) lehiakortasun datuek hobera egin zutela. Orora, hamabi urtetan 25 eta 57 postuen artean ibili da Txile.
Michelle Bachelet Txileko presidenteak Twitter bidez adierazi du albistea “oso kezkagarria” dela, Txileren lehiakortasunean izan duen eragin negatibotik harago Mundu Bankuaren “sinesgarritasuna ezbaian” geratuko delako. “Albistearen larritasuna dela eta, ikerketa sakon bat egin dezan eskatzen diogu Mundu Bankuari. Gertatutakoa ikertzea nahi dugu, datu horiek zuzenean eragiten baitute herrialdeen garapenean nahiz inbertsioetan”
Romerrek barkamena eskatu du eragindako kalteengatik: “Datuak baloratzeko neurriak ez genituen argi utzi eta horren ardura nire gain zegoen”. Zerrenda “behar bezala” eguneratuko dutela adierazi du eta 2014az geroztik hartutako neurriak “ez zirela arrazoi ekonomikoengatik hartu, erabaki politikoengatik baizik”.