Lurrean bizi diren animalien kopurua erdiraino gutxitu da azken 40 urteetan WWF erakundeak eta Londresko Zoological Societyk egin duen ikerketaren arabera.
Datu horien errudun nagusia gizakia da: habitatak suntsitzea eta elikatzeko bizidunak masiboki hiltzea jo dituzte zenbaki kezkagarrien kausatzat.
“Londresko zoologikoko animalien erdia hurrengo astean hilko balitz egunkarietako azaletan ateratzeko moduko albistea izango litzateke”, adierazi du Ken Norris irakasle eta aipatutako elkarte zoologikoko zuzendari zientifikoak The Guardian egunkariak jaso duenez.
Bada, antzeko zerbait ari da gertatzen, baina eskala handiagoan. “Kalte hau ez da saihestezina, bizitzeko hautatu dugun moduaren ondorioa baizik”, gaineratu du Norrisek.
10.000 animalia-populazio desberdin aztertu dituzte ikerketa egiteko, guztira 3.000 espezie kontuan hartuz. Datu horiekin Planetako Biziaren Indizea osatu dute, ezagutzen diren 45.000 ornodunen egoera islatzen duena. Ikerketari buruzko xehetasun gehiago eta txostena bera irakur daitezke Le Nouvel Observateurrek gaiari eskaini dion albistean.
Egoeraren aurrean ardurak hartzeko beharra azpimarratu du Norrisek. Hori egiten ez bada, bere esanetan, baliabideen gainerabilpenak gatazkak eragingo ditu.