Munduko herritarren herena konfinatuta dago beren etxebizitza eta gainerako zerbitzuetan. Joko Olinpikoak beren historian lehen aldiz atzeratu egin dituzte. Jarduera ekonomikoa goitik behera doa eta herrialde bat bestearen atzetik, konfinamenduak agintzen ari da.
Ostegun arratsaldeko datuen arabera, Covid-19 gaitzak 23.028 pertsona hil ditu mundu osoan eta 510.000 kutsatu 175 herrialdetan. Egunez egun gora doazen kopuruak dira. Munduko Osasun Erakundearen arabear, pandemia azeleratzen ari da eta AFP agentzia frantziarraren kalkuluen arabera, gutxienez 2.600 milioi lagun konfinatuta daude edo beren mugimenduak mugatuta. Eskolak itxita daude herrialde askotan, Japoniatik Txileraino, Euskal Herritik pasata.
Konfinamendua agintzen azken herrialde erraldoia India izan da. 1.300 milioi biztanleri 21 eguneko "konfinamendu totala" agindu diete. Ikusteko dago lortuko duten, eta lortzekotan, pobrezia gorrian bizi diren indiarrak nola ateratzen diren aurrera. Herrialdean, ostegun arratsaldeko datuen arabera, 657 positibo dauzkate detektatuta, eta 12 pertsona hil dira gaitzagatik. "Egoerarik txarrenean jarrita, Indian 20.000 eta 50.000 koronabirus paziente dauzkagula kalkulatzen dugu", adierazi du K. Aggarwal medikuak, Indiako Medikuen Elkarteko kideak.
Errusiak ere konfinamendua agindu du bere herrialdean eta errusiarrek datorren astean ez dute lanera joan beharrik izango. Oinarrizko zerbitzuak irekita izango dituzte, baina beste guztiei jai eman die.