Herrialdez herrialde adierazpen askatasuna zein egoeretan dagoen neurtzeaz arduratzen da Freemuse erakunde danimarkarra. 2017ko txostena argitaratu berri dute eta "urte zaila” izan dela nabarmendu. Espainiako Estatuari kolore gorriak ateratzerainoko datuak argitaratu dituzte: hamahiru artista kartzelaratu ditu hamabi hilabetetan, eta munduan musikari gehien jazartzen dituen hirugarren estatua da.
“Besteak isilarazteko kultura berria” nazioarte osoan zabaldu dela ohartarazi du erakundeak. Mendebaldeko demokraziek azken boladan erakutsitako joera “zinez kezkagarria" dela diote. Terrorismoaren aurkako legeak artistak isilarazteko tresna bilakatu direla diote, eta bide horrek erabat urratzen dituela giza eskubideak.
Mundu mailan musikari gehien espetxeratu dituen estatua da Espainia. Atzetik segika ditu, besteak beste, Txina, Iran, Egipto eta Turkia. Guztira, hamahiru musikari dira egun kartzelan daudenak. Beste hainbati terrorismoa goratzea edo biktimak umiliatzea egotzi die, artista gehien auziperatzen dituztenen artean munduko hirugarren estatua bilakatuz. Soilik Egipto eta Etiopia daude bere aurretik.
Bestalde, Kataluniako auziak eragin nabarmena izan duela dio txostenak, azken hilabeteetan, PPren gobernuaren eta Generalitateko agintarien arteko liskarren testuinguruan dozena bat musikari auzipetu baititu Espainiak. Valtonyc, La Insurgencia taldea, Pep Gimeno eta Cesk Freixas musikariak kasu.