Ofizialki SARS-CoV-2 deitu koronabirusak munduan hil dituen jendeen kontabilitateak dagoeneko gainditu du 350.000ko kopurua, Worldometers estatistika zerbitzuak aditzera eman duenez. Test bidez COVID-19az kutsatutakoen kopurua 3,6 milioitara iritsi da, bi eguneko epe laburrean 500.000 kasu berri gehituta
Maiatzaren 27ko goizaldean estatistikek erakusten dutenez, planeta osoan orain arte COVID-19ak hildakoak 352.273 dira. Horietatik Eurpak nozitu ditu heriotza gehien, 169.610, ondoren Ipar Amerikak 116.677, eta askoz atzeragotik datoz Hego Amerika 33.981ekin, Asia 28.253rekin, Afrika 3.613rekin eta azkena Ozeania 124rekin.
Testeaturik ofizialki kutsatutzat zenbatutakoak mundu osoan 5.688.516 dira eta honetan parean doaz Europa (1.934.120) eta Ipar Amerika (1.930.443). Asian 1.006.573 kasu daude, Hego Amerikan 686.365, Afrikan 121.547 eta Ozeanian 8.747.
Osasunerako Munduko Erakundeak ohartarazi duenez, orain COVID-19aren epizentroa Ipar eta Hego Ameriketan dago, Europan gaixotasuna kontrolatzen ari diren bezala bi kontinente horietan abiada handian ari delako zabaltzen bereziki Brasil, Peru eta Ekuadorren, baina baita zenbait herrialde txikiagotan ere. Eta AEBetan oraindik ez da ikusten izurria kontrolpean daukatenik.
Erreferentziatzat balio lezake egun bakar batean kopuru nagusiek egindako mugimendua. Maiatzaren 27an, asteartea, Europak 16.085 kasu berri aurkitu ditu eta 1.086 heriotza zenbatu. Ipar Amerikak egun berean 24.178 kasu berri zenbatu ditu eta 1.144 heriotza. Hego Amerikak, 27.527 kasu berri eta 1.286. Atzo munduan heriotza gehien eduki zuten bi herrialdeak Ameriketakoak dira: Brasil 1.027rekin eta AEB 774rekin.