Chiapaseko kaleetan barna martxa eta ekitaldiak antolatu zituen EZLNk abenduaren 21ean, altxamendu zapatistaren 19. urteurrenean. Indigenek 1994an egindako ibilbide bera egin zuten, fusilik gabe oraingoan, baina ukabila altxatuz.
Isilik egin zuten ibilbidea, baina “Entzun al duzue?” galdetu zien Marcos komandante-ordeak hedabideei, mobilizazio hura ikusteko ez, baizik eta “munduaren amaiera” filmatzeko Mexikoko txoko ahaztu horretara ludi guztitik hurreratuak.
Chiapaseko komunitate indigenek bazterkeria jasaten segitzen dute eta EZLNk dio orain arteko Mexikoko gobernuek ez dutela errespetatu 1996an haiekin sinaturiko ituna. Ia bi hamarkada geroago, berriz ere milaka indigena zapatistek ezustean harrapatu dituzte herrialde hartako agintariak, eta Mexikoko Kongresuak PRIren Gobernuari eskatu dio itun hura errespetatu dezala.