Urriaren 21ean, Oreretan Mundu Berri bat Euskal Herritik Jardunaldia burutuko du Olatukoopek. Euskal Herrian zehar sortzen ari diren tokiko ekosistema eraldatzaileak izango dira protagonista: bakoitza bere lurraldeko errealitate eta beharretara dago egokitua, baina denek partekatzen dituzten ideiak eta egoerak aztertuko dituzte, etorkizunari buruz hausnartzeko. Jardunaldietan aurrez aurre parte hartu daiteke, edo Interneteko zuzeneko emanaldia jarraituta: ARGIAn ere ikusgai egongo da, 10:00etatik aurrera.
Hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak; formato anitzekin gozatuko du urriaren 21ean jardunaldi hauetan parte hartzen duenak. Egitaraua osorik ikusteko eta izena emateko aukera, Olatukoopen webgunean dugu.
Ivan Miró Kataluniako ekonomia sozialeko erreferenteak zabalduko du Jardunaldia, Bizitzarako ekonomia baterako proposamena hitzaldiarekin. Aizpea Otaegik emango dio segida, Udalgintza eta tokiko ekosistema eraldatzaileak gaiarekin.
Eguerdi aldera, mahai-inguruan batuko dira tokiko ekosistema eraldatzaile hauek, bakoitzak bere praktika azalduz: Biziola Sarea, BDSKoop, Sakana Garatzen eta Aiaraldea kooperatiba.
Goizeko saioari amaiera emateko, lurralde eskolaren ideia aurkeztuko dute Andoni Mikelarenak eta Arianne Kareagak.
Arratsaldean, tailerretan antolatuta lan egingo dute, eta manifestua irakurtzeak joko du azken txupinazoa.