argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalaren prekaritatea agerian
Amazoneko Madrilgo langileek greba egingo dute
  • Amazon Spain-eko langileak greba egitera deituta daude martxoaren 22an eta 23an. Hala jakinarazi dute enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek. Hamazazpi hilabeteko negoziazioen ostean bi aldeek ez dute adostasunik lortu eta langileen lan eskubideak arriskuan daudela ohartarazita, 24 orduko lan uztea proposatu dute sindikatuek. 1.100 langile daude greba egitera deituta.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko martxoaren 14a

2016an lan hitzarmena iraungita geratu zenetik, akordio berri bat lortzeko lanean jardun dute bi aldeek ia bi urtez. Pasa berri den otsailean jarri zuten sindikatuek data-muga akordioa lortzeko. Ez da horrelakorik gertatu, eta hitzarmena lortzeko enpresa estatubatuarrak erakutsi duen “interes falta” nabarmendu dute.

Lan eskubideak okertzeko proposamenak izan dira enpresaren aldetik jaso dituzten eskaintzakhartu emanak izan dituzten epean: soldata igoerak galarazi, lanpostuen balioa merketu, opor eta jai egunak murriztu, eta hainbat postutan soldatak jaistea izan dira, besteak beste, Amazonek mahai gainean jarritako baldintza berriak.

Irizpideok langileen arteko bazterkeria bultzatzen dutela azpimarratu dute sindikatuek eta produkzioa ona den arren, enpresak langileen egoera “prekarizatu” baino ez duela nahi diote.

Trapagaran jomugan

Bizkaian ere Amazonen eskumenetako antzeko zentro logistikoa eraikitzeko albistea zabaldu zen urtarrilean. Trapagaranen izango litzake, Babcock enpresaren eraikin zaharrean. 1.000 metro koadroko eremua da eta Madrilgo zentroak dituen ezaugarri antzekoak izango lituzke. Lekua oso estrategikoa dela adierazi zuen Xabier Cuellar Trapagarango alkateak eta ez dela jaso duten eskaintza bakarra izan. Dena dela, enpresa estatubatuarraren interesa positibotzat jo zuen eskualdean izango lukeen eragin ekonomikoa dela eta.