argia.eus
INPRIMATU
Multinazional batek Pesa garraio enpresa erosi du
  • Avanza autobus garraio enpresa da PESAren eroslea. Jabe berriak dio orain arteko egitura, irudia eta ibilbideak mantenduko dituela. Langileek kezka adierazi dute.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 20a

Mobility ADO multinazional mexikarraren parte da Pesa erosi berri duen enpresa. Avanza Espainiako Estatuko bigarren garraio enpresarik garrantzitsuena da. Pesa 1955. urtean sortu zuten bi pertsonek; 750 langiletik gora ditu egun, eta urtean hamar milioi bidaiari mugitzen ditu. Avanzak adierazi du Pesaren erosketarekin Euskal Herrian errotzeko asmoa duela. Salmentak Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen oniritzia behar du oraindik.

Pesako langileek tratua itxita zegoela izan dute salerosketaren berri. Langileen ordezkariek “enpresaren izaerari” eustea eta langileen lan baldintzak “mantentzea edo hobetzea” eskatu dute. Zeregin horretan aldundiek duten ardura ere nabarmendu dute, garraio zerbitzua haiekin hitzartuta baitago esleipen bidez.