argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu okupak eta bazterkeriaren aurkakoak babesa adierazi diete Gasteizko Olarizuko bizilagunei
  • Kontzentrazioa egin dute larunbatean, udaletxeak hustu nahi dituen etxebizitza okupatuen ondoan. Bazterkeria egoeran dauden dozenaka gasteiztar etxegabetzeko egitasmoa “ aberatsek pobreen aurka darabilten gerraren” adibidea dela salatu dute, eta Donostiako Infernutik kanporatutako pertsonei ere elkartasuna adierazi diete.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 16a
Argazkia: Auzolana Pilotalekua

Dozenaka lagun bildu ziren larunbat eguerdian Olarizuko hiribideko etxebizitza okupatuen ondoan, okupazio mugimenduko eta bazterkeriaren aldeko hainbat eragilek deituta: Errekaleor, Talka, Etxebizitza Sindikatua, Gasteizko Gaztetxea, Auzolana Pilotalekua, Sumendi, GES eta Gasteizen Inor ez Kale Gorrian ekimena. Bertan ziren ere kanporatuak izateko mehatxupean dauden Olarizuko bizilagunetako batzuk, pankarta propioarekin.

“Olarizuko bloke okupatuen aurrean gaude gaurkoan, etxegabetze prozesuaren aurrean dauden kideei gure babes osoa adierazteko”, zioen mobilizazioaren amaieran irakurri zuten oharrak. Gasteizko Udala, enpresa “espekulatzaileak” eta hedabide handiak kritikatu zituzten Olarizuko etxebizitza okupatuetako bizilagunen aurka egiteko errealitatea “desitxuratzeagatik”.

“Baina guk argi dugu hau betiko gerra dela”, esan zuten: “Aberatsek pobreen aurka darabilten gerra. Espekulatzaileek espekulatuen aurka. Boteretsuek erresistentziaren aurka. Biolentoek borrokalarien aurka. Guk argi dugu bizitzarako oinarrizko baliabideekin espekulatzea –kasu honetan etxebizitza– kriminala dela. Eta honen aurrean, okupazioa, guztiz zilegi. Ez baita kasu isolatuen arazoa, denon arazoa baizik. Legea eta justiziaren arteko hautuan, justiziaren aldekoak gara”.

Aste bat lehenago Donostiako Infernutik kanporatutako lagunei elkartasuna adierazi zieten, eta “aberatsen erasoen aurrean” indarrak batzera deitu zuten.