argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu feministaren aurkako isunak salatu dituzte
  • Kartelak jartzeagatik eta grebarako deia zabaltzeagatik Gasteizko Udalak orotara 1.450 euroko zigorrak ezarri dizkiola salatu du Gasteizko Bilgune Feministak.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko apirilaren 17a
Gasteizko Udalak 1.450 euroko zigorra ezarri dietela salatu du Bilgune Faministak (Arg: Arabako Alea)

Gasteizko Udalak 750 euroko isuna jarri dio Gasteizko Bilgune Feministari, Martxoak 8ko grebarako deia egiten zuten 13 kartel jartzeagatik. Bestalde, mugimenduko beste bi kidek ere orotara 700 euroko zigorrak jaso dituztela salatu dute, "greba eguna zabaltzeagatik".

Gertatutakoa arbuiatu du Gasteizko Martxoaren 8ko Asanbladak, hedabideei bidalitako ohar batean. Isunak greba eguna eta bost egunera iritsi zirela argitu dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministak sinatutako kartelak ipintzeagatik. Udaletxeko bulegoetan jarrita zeuden kartel berdinak zirela azaldu dute.

Udalaren "kontraesanak" salatu dituzte: "mugimendu feministaren lana aitortzea helburu zuten berdinek kriminalizatu gaituzte beste behin ere". Era berean, mugimendua "argi mediatikotik at" geratzen den momentuan Udalak "mugimendua bera zigortzen duela" kritikatu dute oharrean.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.