argia.eus
INPRIMATU
Mugimendu feministako bi kide epaituko dituzte Gasteizen otsailaren 4an
  • Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordearen izenean Luis Izaga presidenteak jarritako salaketaren ondorioz egingo dute epaiketa. Epaitegien aurrean agerraldia egingo dutela iragarri dute mugimendu feministako kideek.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko urtarrilaren 29a
Blusa eta Nesken Batzordearen izenean Luis Izaga presidenteak jarritako salaketak eragin du epaiketa (argazkia: Arabako Alea).

Joan den abuztuaren 8an, Andra Mari Zuriaren jaietan, Gasteizko eragile feministek Blusa eta Nesken paseilloan antolatutako ekinaldiagatik jarritako salaketaren ondorioz epaiketa izango da.

Epaiketa saihesteko asmoz hasitako bitartekaritzak ez du fruiturik eman eta datorren otsailaren 4an epaituko dituzte mugimendu feministako bi kide.

Ekimenak Blusen paseilloaren "mozketa sinbolikoa" izan nahi zuela adierazi dute mugimendu feministako kideek, solik gizonez osatutako Jatorrak kuadrillaren joan-etorria eteteko asmoz.

"Ekimena bera ezin izan zen aurrera atera Blusek izandako jarrera bortitzaren ondorioz, eta esan beharra dago bertan parte hartu genuen emakumeok era askotako erasoak jasan genituela, ahozkoak zein fisikoak", salatu dute ohar batean.

[Albiste honen jatorrizko bertsioa Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]