argia.eus
INPRIMATU
Mugikortasun Jasangarriaren Plana eta Bizikletaren Kontseilua nahi ditu Nafarroako parlamentuak
  • Mugikortasun jasangarria ardatz izango duen plan bat egiteko eta Bizikletaren Nafarroako kontseilua sortzeko eskatu dio Nafarroako parlamentuak foru gobernuari, PSN, Geroa Bai eta Ezkerrak aurkeztu duten mozio bat onartuta.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21
ciclosfera.com

Bizi dugun egoera berezia baliatu eta garraio kolektiboaren aldeko apustua egiteko unea dela adierazi du PSNk, “herritar guztientzat oro har onuragarria delako”.

Geroa Bairentzat ere, osasun krisi honek ageriago utzi du mugikortasun jasangarriaren garrantzia, eta herritarren kontzientzia areagotzea beharrezkoa dela gaineratu du, gero eta jende gehiagok autoa aparkatuta utzi eta bizikleta har dezan.

Ahal Duguk azpimarratu du planean genero ikuspegia txertatu behar dela, “gizon eta emakumeen mugikortasun beharrak ezberdinak direlako”. Ezintasunen bat duten pertsonen beharrak kontuan hartzea ere eskatu du.

EH Bilduren iritziz, Bizikletaren Kontseiluan ez luke Espainiako trafiko zuzendaritzak (DGTk) parte hartu behar, hain juxtu trafikoari lotutako konpetentziak Nafarroak berak izan behar dituela aldarrikatzen ari direnean.

Navarra Sumaren ustez, hau ez da unea erakunde berri bat sortzeko eta Bizikletaren Kontseilua eratzea “surrealista” iruditzen zaio.