argia.eus
INPRIMATU
Mugak Zabalduz karabana Irundik abiatu da pertsona migratzaileek pairatzen duten biolentzia salatzeko
  • Euskal Herritik eta Kataluniatik abiatu da aurtengo Mugak Zabalduz karabana. Calaisko itsasartea, Frantziako Estatuan du helmuga, giza eskubideak bermatzea eta berehalako erregularizazioa eskatzen ditu besteak beste.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 14a
Mugak Zabalduz karabana Irundik paseran. Orain.eus

Mugak Zabalduz karabanak Calaiserako bidea hasi du, "mugen biolentziaren epizentrora" ailegatzeko, "bi puntu sinboliko eta estrategikoetatik" abiatu da: Irun eta Girona (Katalunia). Muga horiek egunero milaka pertsonak gurutzatzen dituztela eta inolako berme legalik ez dutela salatu du sareak. Urtero legez, kolektiboak, antolakundeak, aktibistak eta pertsona migratzaileak batu dira "migratzaileentzat justizia alternatibak eta duintasuna lortzeko".

Sareak webgunean zabaldu duenez, karabanaren etapa bakoitzak salaketa desberdina egingo du, Irungoak "solidaritatearen kriminalizazioa" salatu nahi du. Korrikan 36 pertsona migratzaile muga gurutzatzen laguntzea leporatuta, pasa den urtean zazpi lagun atxilotu zituzten. Epaiketa urriaren 7ra atzeratu dutela, Mugak Zabalduzek Baiona eta Uztaritzen salatuko dute abian dagoen J’accusé autoinkulpazio kanpaineko partehartzaileek pairatutako errepresioa.

Frantziako migrazio politikak jomuga

Frantziako Estatuan egingo dituzten etapetan, Paris, Calais eta Toulousen, hainbat herri mugimenduekin batera egingo dituzte manifestazioak, salaketa ekintzak eta estrategiak elkartrukatzeko topaketak. Salaketek Frantziako Estatuko migrazio politika kritikatuko dute. Dublingo akordioen bidez, jasotzen dituzten pertsona migratzaileak bueltatzen dituzte etorri ziren herrialde europarretara eta "ez dute kontuan izaten senideak edo loturak dituztela Erresuma Batuan".

Horren aurrean giza eskubideetan oinarritutako migrazio politikak, deportazioen amaiera eta nazioarteko legedia betetzea eskatzen dute. Migratzaileentzat bide legalak eta seguruak bermatzea eta berehalako erregularizazioak eskatu dituzte. Azkenik, migratzea eskubidea izatea eskatu dute eta ez "gerrek, pobreziak edo ipar globalak sortutako larrialdi klimatikoek" bultzatutakoa izatea.