argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Muga-zergak: gerra ekonomikoan ere, eszenografiak ezin du estrategia ordeztu
  • Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke gaur, eta bihartik aurrera ere”.

Mikel Aramendi 2025eko otsailaren 11
Kanada, Mexiko eta Txinaren aurka iragarritakoek aurkitu duten erantzunak zer pentsaturik eman behar lioke Trumpen Etxe Zuriari. Roberto Schmidt / AFP

Agidanez ohartu da –edo esan diote– joan den astean aditzera ematen zuen “oinaze pittin” horren mezua ez zela merkataritza-gerrari ekiteko komenigarriena, eta gutxi gorabehera, 2017ko hartara itzuli da: merkataritza-gerrak oso onak dira, eta aise irabazten dira. Baina halakorik esan gabe, badaezpada ere. Ez baitu hori adierazten historiak. Ezta bere-berea duenak ere.

Berez, lasaitasuna antzezteko ahalegin horrek badu zerikusia, Trumpek berak ez bada, haren ingurukoak behintzat agintean daramatzaten hiru aste hauetan muga-zergen egitasmoen inguruan sumatzen hasi diren oinaze-mailarekin. Izan ere, oinazea da merkataritza-gerrak bestelako edozein gerrarekin erkide duena; ez oinaze fisikoa, bai ekonomikoa... hortik erator daitekeen guztiarekin. Zuzenean odolik ez isurtzeak ez du jolas bihurtzen merkataritza-gerra, ezta gutxiagorik ere.

Kanada, Mexiko eta Txinaren aurka iragarritakoek aurkitu duten erantzunak zer pentsaturik eman behar lioke Trumpen Etxe Zuriari. Errepresalien ataka zabalik geratu da kasu guztietan; eta Txinaren kasuan, egikaritu egin dira, lehen unetik, errepresalia horiek. Elkarrizketaz konponbideak aurkitzeko aukerari uko egiten ez bazaio ere, kaltetu izateko arriskuan daudenek indarra erakutsi behar dutela deritzote.

Eta, batez ere, hartara bultzatzen ditu lekuan lekuko iritzi publikoak, ia salbuespenik gabe. Negozio-atal kaltetuak oinazearen beldur dira, jakina, baina gizarte-giroa ez da amore ematearen aldekoa inon. Trumpen izaerak asko “laguntzen” du horretarako. Denbora igaro (eta oinazea nozitu) ahala, aldatzen joango da hori, ziur. Baina faktore estrategikoa da iritzi publikoarena.

Gerra guztietan bezala, estrategia behar baita merkataritza-gerran ere, haren esanera jokatzeko. Oraingo lehen borrokatxoek erakusten dute, adibidez, Txinak behintzat doituta daukala erantzunaren estrategia. Erabiliko dituen baliabideak, epeak, mailak eta intentsitateak luzaro hausnartu dituela. Eta herabetasunez mozorrotuta, min egitera doala lehen unetik, sektore edo ekoizpen zehatzak jipoituz. Europar Batasunari halakorik eskatzea ameskeria izango litzateke, noski.

Galdera potoloa da: ba ote du estrategia bat Trump administrazioak? Esate baterako, zein da sutu duen gerra honen helburu zehatza, Trumpek ohikoa duen kalamatrikaz (“gure kontura bizi dira...”) harago? Merkataritza-balantza orekatzea? Estatu Batuetan industria indarberritzea? Diru-kutxa publikoa hornitu eta defizitak gutxitzea? Txinari zangoak moztea? Europa izorratzea?