Uztailaren lehenetik indarrean da Espainiako estatuan Herritarren Segurtasun Lege berria. Euskal Herriko hainbat hiritan protestak egin dituzte lege honek dakartzan eskubide galerak salatzeko.
Iruñean Merindades plazan egin dute elkarretaratzea asteartean. Gerturatutakoen artean, ahoak mozalez estalita agertu dira batzuk, lege berriak dakarren eskubide urraketa islatuz.
Bilbon ere, asteartean, Plaza Biribilean protestak egin dituzte, hiriko erdigunea hartuz. Mobilizazioetako partaide batek adierazi duenez, “adierazpen askatasunaren eta protesta eskubidearen aurkako eraso bat gehiago” da Mozal Legearen aplikazioa: “Kalean jarraituko dugu gure eskubideak borrokatzen”.
Donostian, ehunka pertsonek manifestazioa egin dute Bulebarretik abiatuta asteazkenean. Mozal legeari EZ zioen pankarta laranjarekin zeharkatu dituzte erdiguneko kaleak manifestariek.