argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legearen aplikaziorik handiena: 115 laguni jarri diete isuna Galizian
  • 115 herritarrei Mozal Legea ezarri zieten pasa den ekainean Galizian. 115 isun horiek, ordea, ez dira hilabete osoan jarritako isunak, ekintza bakar batean ondorioak baizik.  Hainbat kasutan, poliziaren bertsioek ez dutela egia kontatzen diote ekintzaileek, informazioa ez baitator bat gertatutakoarekin. Asanblada bat sortu dute gastu ekonomikoei aurre egin ahal izateko eta guztien artean indarrak batzeko.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 23a

El Saltok jaso ditu Santiago de Compostelan gertatutako ekintzaren protagonisten hitzak. SAREB taldearena den eraikin bat okupatzen saiatu ziren ehunka herritar, jai giroan. Polizia berehala gerturatu zen eraikin zaharrera. Okupazioan parte hartu zuen Iago izeneko ekintzaileak azaldu duenez, “ez zuten hitz egiteko asmorik”.

Lehen unetik jarrera oldarkorra izan zutela dio Iagok. “Gomazko  pilotak eta kezko botilak jaurtiz sartu ziren patiora. Une batez ez genuen ezer ikusten, dena kez beteta zegoen. Tentsio handiko momentuak izan ziren”. Banan- banan ateratzeko agindu zien Poliziak, bestela “indarrez” aterako zituztela. Azkenean, Poliziak hainbat ekintzaile jipoitu zuen.

Hilabete geroago, isunak etxeetara iristen hasi zitzaizkien. Orduan ohartu ziren Mozal Legea ezarri zietela. 115 lagunek jaso arren, guztira 119 zigor ezarri dizkie administrazioak; batek baino gehiagok zigor bat baino gehiago jaso baitu. Ekintzaile bakoitzak 200  eta 800 euro arteko isuna ordaindu beharko luke. Pankartak eramatea eta desobedientzia leporatzen zaie, besteak beste.

Bi neskari gertatutako ere adierazgarria da: Poliziak identifikatu egin zituen ekintza gauzatzen ari ziren etxearen ondotik pasa zirenean eta soinean zeramaten materiala konfiskatu zieten: “Guri ere Mozal Legea ezarri digute, ustez Poliziaren aukako leloak oihukatzeagatik”.

Mozal Legeari aurre egiteko asanblada bat sortu dute. Lehen unean dirua lortzeko ekimenak aztertzeko xedez biltzen baziren ere, protesta gune bilakatu dira bilerak. “Gobernuak isilik nahi gaitu. Zer uste dute, aberatsek baino ezin dutela protesta egin? Oker daude”.