1.300 milioi eurotik gorako 2 milioi isun baino gehiago ekarri ditu legeak. Atzera botako zutela hitzeman zuten PSOEk, Podemosek, Sumarrek, EH Bilduk, ERCk, EAJk, Juntsek nahiz BNGk.
Astelehenean bete ziren hamar urte Espainiako Estatuan Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa (Mozal Legea deiturikoa) indarrean sartu zenetik. 2015ean PPren gobernuan onartu zutenetik, arau horren ezarpenak 2.155.990 isun jartzea ekarri du, 1.300 milioi euro ingurukoak, Espainiako Barne Ministerioaren datu ofizialen eta No Somos Delito eta Amnesty International erakundeen bilketen arabera.
Mozal Legea hasieratik kritikatua izan da oinarrizko eskubideak murrizteagatik, hala nola adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna eta manifestatzeko askatasuna. Punturik polemikoenen artean, poliziak grabatzeagatik jarritako zigorrak, protesta baketsuengatik jarritako isunak eta disidentzia soziala zigortzeko "agintaritzarekiko errespetu falta" erabili izana nabarmentzen dira. Mugimendu sozial eta politiko ugarik, sindikatuek eta legelarien elkarteek salatu izan dute Mozal Legea izaera punitibokoa eta disuasiozkoa dela, eta edonolako mobilizazioak zapaltzeko erabiltzen dutela.
PSOEk eta Unidas Podemosek Mozal Legearen indargabetzea sartu izan dute beren hauteskunde-programetan eta 2020ko koalizio-gobernuaren akordioan, eta behin eta berriz agindu dute deuseztatu egingo zutela neurria. Baina, egia esan, ez dute indargabetu, eta haren erreforma sistematikoki blokeatuta geratu da Diputatuen Kongresuan, adostasun faltagatik eta Poliziaren lobbyen presioagatik. Pedro Sanchezen eta ministroen promesek ez dute lege-aldaketa eraginkorrik ekarri, eta legeak indarrean jarraitzen du onartu eta hamarkada batera.
Hamar urte hauetako balantzeak agerian uzten du Mozal Legearen erabilera masiboa, langile-klasea kolpatzen duen mekanismo gisa, bai dirua biltzeko bai kontrol sozialerako. Frogatuta geratu da, gainera, gobernu "aurrerakoiek" ere ez dutela borondaterik legea indargabetzeko konpromiso politikoa betetzeko.