argia.eus
INPRIMATU
Mozal legeak desobeditzeko deia Hegoaldeko lau hiriburuetan
  • Uztailaren 1ean Herritarren Segurtasun Legea eta Zigor Kode berritua indarrean sartu zirela urtea beteko da. "Oinarrizko eskubideak urratzen dituzten lege horien aplikazioa" salatzeko mobilizazioak deitu dituzte eragile ugarik Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Axier Lopez @axierL 2016ko ekainaren 29a

"Mozal legeen aurka, protesta herritarraren, pobreziaren eta prekarietatearen kriminalizazioaren aurka" egitera deitu dute. Herritarren eskubideen defentsa, adierazpen askatasuna, eta mobilizatzeko eta elkar-babesa antolatzeko eskubidea aldarrikatuko protesta horien bitartez. Halaber, herritarrak animatu nahi dituzte "lege bidegabeen gainetik" euren eskubideak praktikatzera.

Deialdiak independienteak badira ere, egun berean elkartu dituzte ekimena indartzeko. "Mobilizazio bakoitzak ezaugarri ezberdinak agertuko ditu, baina guztietan eragile sozial edo politiko anitzen multzoak gara antolatzaileak", azaldu dute.

Araba, Mozal Legearen aplikazioan "txapeldun"

Herritarren Segurtasun Legea gehienetan aplikatu den herrialdea Araba izan da, uztailak 1 eta martxoak 31 bitartean. Jaurlaritzako Barne Sailak emandako datuek hala erakutsi dute: Ertzaintzak 3.959 zigor jarri ditu eta horietatik 1.613 Araban. Isun eta biztanle arteko proportzioak argiago laburbiltzen du: Gipuzkoan isun bat 1.633 biztaleko; Bizkaian 602 eta Araban 201.

Isuna jaso duten 1.613 arabarretatik 685 (%42) adierazpen eta protesta eskubideei lotutako artikulu polemikoak urratzeagatik zigortu dituzte: 36.03 artikulua (bide publikoen oztopatzea); 36.04 (funtzionario publikoen lana oztopatzea); 36.06 (aginteari desobedientzia edo erresistentzia); 37.01 (bilkurak eta manifestazioak); 37.04 (segurtasun indarrei errespetu falta); 37.07 (bide publikoen edo eraikinen okupazioa).

Protesten antolatzaileek Jaurlaritzari eskatu diote, iragan astean Mozal Legea ez aplikatzeko hartu zuen konpromisoa betetzea. Poza adierazi dute hartutako konpromisoagatik, baina adi egongo direla azpimarratu dute. Aurrera begira ez ezik, iraganari dagokionean ere “kontsekuente” joka dezatela eskatu dute, orain arte Ertzaintzak Mozal Legearen aplikazioaren bitartez ezarritako isunak bertan behera utziz.

Jaurlaritzako Barne Sailak emandako datuen xehastasun gehiago: Ertzaintzak ia 4.000 isun jarri ditu Mozal Legea aplikatuz martxora arte

Nafarroako prentsaurrekoa
Bilboko deitzaileak
Donostiako prentsaurrekoa

Mobilizazioetako kartela: