argia.eus
INPRIMATU
Mozal Legea indargabetzeko eskatu dute Zumaiako eta Barakaldoko udalbatzetan
  • Barakaldoko udalbatzako alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, onartu dute Axier Lopez ARGIAko kazetariari ezarritako isunaren aurkako mozioa.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 29a
Axier Lopez ARGIAko kazetariari 601 euroko isuna ezarri zioten polizia operazio bateko irudiak "baimenik gabe" sareratzeagatik.

EAJk, PSE-EEk, Irabazik eta EH Bilduk adostutako testuak eskatzen dio Espainiako Gobernuari Mozal Legea baliogabetzeko eta Lopezi ezarritako isuna erretiratzeko. Era berean, elkartasuna eta babesa adierazi diote kazetariari, eta azaldu dute Mozal Legeak adierazpen askatasuna urratzen duela.

Amaya Fernandez PPko bozeramaileak ukatu egin ditu baieztapen horiek, eta adierazi du “ETA dela Euskal Herriko benetako mozala”. Alderdi popularreko kideak gogoratu ditu segurtasun indarrek iraganean “jasandako errepresaliak”, eta defendatu du poliziek “beren pribatutasuna eta bizitza” babesteko duten eskubidea.

Zumaian ere mozioa onartu dute

Zumaiako udalbatzak ere mozioa onartu du eta eskatu du “herritarren eskubide sozial eta politikoak murrizten dituen” Mozal Legea indargabetzeko.

Era berean, babesa adierazi diote Axier Lopez kazetariari eta ARGIAri eta dei egin diote “informatuta egoteko eskubidearen alde lanean jarraitzeko”.

EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu dute mozioa.