Polizia sindikatu gehienak Madrilen Mozal Legearen alde egingo dutenean, ELA-Ertzaintzak adierazi du ondo ikusten duela legearen indargabetzea, lege horrek "askatasunei erasoz gain, herritarrei manifestatzeko eskubidea erabat mugatzen dielako", Europako Kontseiluko Giza Eskubideen arduradunek salatu izan duten moduan.
Sindikatuaren ustez, gogoratu behar da gizarte zibilaren mobilizazio aldi luze baten ondoren ezarri zela Mozal Legea: "Protesta egin zen austeritate politiken, zerbitzu publikoetako murrizketen eta pentsio zein lan erreformen aurka, besteak beste". Manifestazio eskubide hori mugatu nahi zutela salatu du. Madrilgo deialdiarekin, "sindikatu korporatiboak eskuin muturraren jokoan erori dira".
"ELA-Ertzaintzaren iritziz poliziaren eginkizuna da herritarrak babestea eta horiek euren eskubideak egikaritzeko aukera bermatzea. Bestalde, sistema demokratiko batean ziurtatu behar da poliziak lana segurtasunez egin dezakeela. Baina Mozal Legea, inondik ere, ez zen sortu polizia babesteko, baizik eta herritarrei eragozteko botere politikoaren aurkako adierazpide kritikoak egin ditzaten".
Sindikatuak ongi ikusten du legea indargabetzeko eztabaida hasi izana eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei galdegiten die aktiboak izan daitezela indargabetze horretan.