argia.eus
INPRIMATU
“Mozal legea” bertan behera uzteko eskatu dute NBEko ordezkariek
  • Nazio Batuen Erakundeko ordezkari talde batek Espainiako Gobernuari eskatu dio Herritarren Segurtasunerako Legea –“mozal legea” gisa ezagunagoa– eta Kode Penalaren erreforma bertan behera uzteko.

ARGIA @argia 2015eko otsailaren 24a
Mozal legea eta Espainiako Kode Penal berriaren proiektua bertan behera uzteko eskatu dute NBEko ordezkariek.

PP buru duen gobernuak martxan jarri dituen lege aldaketa horiek “norbanakoen eskubide eta askatasun oinarrizkoak mehatxatzen dituzte”, NBEko kideen ustez. Manifestazio eta adierazpen askatasuna ere kolokan jartzen dituela adierazi dute.

Eskaria erakundeak Giza Eskubideen alorrean daukan organo nagusiko bost kidek egina da. Noticias de Gipuzkoak jaso duen adierazpenean irakurtzen denez, talde hori “kezkatuta” agertu da proposatutako legeak gobernuaren erreakzio gisa ulertzen dituelako, azken urteetan ugaritzen ari diren manifestazioen aurrean.

Bilkura baketsuak egiteko eskubidea eta beste hainbat oinarrizko askatasun arriskuan egon litezke aldaketa legal horiek bururaino eramanez gero.

NBEk, gainera, arreta berezia eskaini dio “Mozal legeak” Espainiako Estatuan bizi diren atzerritarren eskubideei egin diezaiekeen kalteari: immigranteak jatorrizko herrialdea bermerik gabe itzularaztea erraztuko lukeela uste dute eta  pertsona horiek torturak eta tratu txarrak jasateko arriskupean geratuko liratekeela.